
Greba mugagabeari ekitea erabaki dute Laudioko Guardianeko langileek astelehen goiz eta arratsalde honetan egindako biltzarretan. Ostegunean hasiko da protesta baina lehentasunezko borroka beste bat da: labea piztuta mantentzea, enpresaren asmoari aurre eginez.
ELAk eta LABek osatutako enpresa-batzordea enpresako zuzendaritzarekin bildu da astelehen honetan, eta, ondoren, langileen batzarrak egin dituzte, grebara deitu ala ez erabakitzeko. Bertan erabaki dute ostegunetik aurrera greba mugagabeari ekitea.
Greba deialdia erregistratu den arren, ostegunera bitartean beste irtenbide batzuk bilatzeko prest daude, empresaren xedea labea ahalik eta lasterren itzali eta lantegia ixtea delarik. «Greba aurrera doa eta saiatuko gara asteazkenean enpresak gertatzea nahi duena ez gertatzea», adierazi du LABek, enpresak labea itzaltzeko datari erreferentzia eginez.
Bestetik, Gabriel Ainz Laudioko Guardian lantegiko lan-arriskuen prebentziorako ordezkariak salatu duenez, enpresak ez du labea itzaltzeko protokoloa prestatu, eta eraikina kolapsatzeko arriskuaz ohartarazi du. LABeko ordezkariak esan duenez, berebiziko arriskua dakar jokabide honek.
Ainzek azaldu du orain bertan ez dagoela labea itzaltzeko jarduera-protokolorik. «Osalanek (Laneko Segurtasunerako Euskal Erakundeak) joan den astean eskatu zion, eta Guardianek oraindik ez du egin. Protokolo hori ziurrenik labea itzali ondoren iritsiko da», deitoratu du.
Ordezkari horren arabera, eraikina «kolapsatzeko arrisku handia» dago modu jakin batean itzaltzen ez bada, eta langileek «beldurra diogu gerta daitekeenari», lantegiaren barruan jendea badago.
Astearte honetan bilera egingo dute Lakuako Industria Sailak eta Guardianeko zuzendaritzak. Momentuz, Lakuak labea ez itzaltzeko eskatu dio enpresari.
Labea otsailaren 3an itzaltzea zegoen aurreikusia, baina langileek otsailaren 2an greba egiteko intentzioa agertu zutenean, enpresak labearen itzaltea urtarrilak 29ra aurreratzea erabaki zuen.
Kautelazko neurriak
Hori dela eta, ELAk premiazko kautelazko neurrien demanda aurkeztu du EAEko Justizia Auzitegia. Sindikatuaren ustez, multinazionalari ez zaio utzi behar Laudioko lantegia etorkizunik gabe utziko lukeen neurria hartzen. Labea itzaltzen bada esan nahiko du «Laudioko fabrikako labea betiko geldituko zela, atzera bueltarik gabe».
Multinazional estatubatuarraren zuzendaritzaren arabera, beira egiten duen lantegiko labea kaltetuta dago, eta, ondorioz, lantegiak martxan jarraitzea eragozten du. Hori dela eta, enpresak azaldu duenez, erabakia hartuta dago eta lantegia itxi egingo dute, 171 langileak kalean utziz.

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

