Palestinarekin Elkartasuna: «Maccabi Euroligan dago kirola eta politika nahasten direlako»
Aspaldi ez bezalako oihartzuna izaten ari da Maccabi Gasteiza datorrelako protesta. Partida bertan behera ez da geratuko, baina Israelekin harreman oro bertan behera lagatzeko eskaera entzungo da. Hasteko, Iparralde gizarte etxetik 18.30ean abiatuko den manifestazioan; gero, Zurbaon bertan ere bai.

Bi hitzordu dira berez: batetik, ostiral honetan 20.30ean Saski Baskoniak eta Tel Aviveko Maccabik Buesa Arenan jokatu beharreko Euroligako neurketa, eta bi ordu lehenago, 18.30ean, Iparralde gizarte etxetik Zurbaorantz abiatuko den manifestazioa, ‘Israelen aurpegi garbiketari ez: Maccabi kanpora’ leloarekin.
Esther Muñoz eta Xabier Losada Palestinarekin Elkartasuna plataformako kide bi dira, manifestazioa deitu duen plataformako kideak, alegia. «Beti esaten da politika eta kirola ez direla nahastu behar, baina Maccabi Europako txapelketa batean jokatzen ari bada, hain justu politika eta kirola nahasi direlako da», diote.
Urteak dira Israelgo taldea Europako kirol lehiaketetan ari dela, Asian beste inork ez dituelako nahi. Beste edozein talderen gainetik, Tel Aviveko Maccabi, batik bat bere saskibaloi taldeak, urteak dira Europako saskibaloi lehiaketa garrantzitsuenetan lekua egin duenetik, eta horrela Israel herriaren aldeko marketing egile indartsuenetako bat bihurtu da.
«Plataforma honetan elkarte askok hartzen dute parte. BDZ Elkartea, Mugimendu Internazionalista eta beste hainbat elkarte politiko. Baina 2023ko urrian sortu zen Palestinarekin Elkartasuna, Israel Gazako sarraskia modu erabatekoan egiten hasi zela testuinguruan oinarrituta. Horrek aurretiaz Palestinarekin elkartasun mezu askoz epelagoak ziren mezu ekidistanteak hautsi zituen, eta Palestinako herriaren erresistentzia kriminalizatzeari laga zitzaion. Israel egiten hasi zenaren aurrean erantzun indartsu bar emateko beharra adostu zen eta ondorio horregatik sortu zen plataforma hau», dio Esther Muñozek.
«Iaz Palestinako erresistentziarekiko solidaritatean zentratu nahi izan genuen gure indarra. Nolabait ikusi genuen ikuspuntu solidario hori sendotu zela Euskal Herrian, milaka lagun kalera atera izan direlako. Ostean erabaki genuen, 2024ko abenduan, Israelekin harreman oro eteteko kanpaina abian jartzea», gehitzen du Xabier Losadak. «Harreman militarrak etetea ondo dago, baina guztiak eten behar dira Israelekin: komertzialak, diplomatikoak eta kulturalak ere berdin. Hargatik erabaki genuen Maccabiren aurkako partida bertan behera uzteko kanpaina ekitea ere», diote.
«Maccabiren presentzia desnormalizatzea irudi potentea da, baita Maccabi beste estadio batzuetara joan denean harmailak ia hutsik izatea ere, Parisen adibidez. Gure kasuan, partida ez jokatzea exijitzen dugu, eta partida eten dezaketen horiei begira ari gara: Foru Aldundia, Udala, Eusko Jaurlaritza, Euroliga eta Baskonia; harreman oro eteteko ordua dela adierazten diegu».
«Benetako aurpegia»
Palestinarekin Elkartasuna plataformaren eskabidea Euskal Herriko 40 klubek, 65 gizarte eragilek eta kirol munduko 91 lagunek sinatu zuten; zahar eta gazte, gizon eta emakume, herrialde orotatik eta esperientzia ezberdinetatik abiatuta. Maccabiren aurkako partida bertan behera uzteko eskatzeak inoiz izan duena baino elkartasun handiagoa bizi du aurten, izan ere.
Hari honetan jaso ditugu azken asteetan zenbait pertsona ezagunek, kirol kazetariek, kirol taldeek eta Arabako langileek bidalitako argazkiak, Maccabik joatzearen aurka eta biharko manifestazioari babesa erakutsiz.
— Palestinarekin Elkartasuna (@Palestinarekin) February 6, 2025
ISRAELEKIN HARREMANAK ETEN! pic.twitter.com/xlCzPXrPpL
«Israelek bere benetako aurpegia erakutsi du azken urtebete luze honetan. Ez da aurreneko aldia aurpegi hori erakutsi duena, baina propaganda eta legitimazio kanpainek, batez ere Mendebaldeko herrialdeetatik etorritakoek, nolabait "leundu" eta "normalizatu" egin dute. Baina Gazan egin dutena ikusita egiazko aurpegi hori bistan geratu da, kolonizazioan eta Palestinaren aurkako garbiketa etnikoan oinarrituriko Estatua dela Israel, alegia. Ondorioz, ikusten dugu inoiz baino jarraipen handiagoa dugula aurrera eramaten ari garen kanpainek. Hargatik, Israeli kirol mundutik eta handik kanpo ere gure arbuioa adierazi nahi diogu eta ikusten dugulako Gasteizko gizarteak hala eskatzen duela, orain arte eman direnak baino urrats indartsuagoak eskatzen dituela, osterantzean Israeli galtzen ari den legitimitatea itzultzen ariko ginatekeelako», berresten du Esther Muñozek.

«Orain ez badugu exijentzia hau egiten, noiz?», galdetzen du Xabier Losadak. «Azken urte luze honetan ikusi ditugunak ikusi eta gero, protesta egiten ateratzeko garaia dela ikusten dugu. Historian sekula ikusi ez dugun tarte baten aurrean gaude, gure begien aurrean garbiketa etniko bat gertatzen ari denean. Ondorioz, sekula egin ez ditugun ekintzak eraman behar dira aurrera», gaineratzen du.
Jakina da 2022an Errusia Ukrainan sartu zelarik, Errusiako taldeak Euroligatik at ia berehala geratu zirela –nahiz eta Moskuko CSKAk Euroligako jabeetako bat izaten jarraitzen duen–, tartean Errusiako taldeetan jokatzen ari ziren zenbait jokalarik talde horietatik alde egitea erabaki zutelako –Grigonis, Hackett, Shengelia edo Voigtmann, esaterako–, eta egia da iaz Maccabi Euroligatik ateratzeko saiakera apal bat egin zutela Euroligako jabeek; hala, Saski Baskonia, Real Madril, Bartzelona, Efes eta Fenerbahçe Maccabi botatzearen alde azaldu ziren, baina gutxiengoan geratu ziren.
Alabaina, Palestinarekin Elkartasuna taldeko kideak Saski Baskoniarekin bildu ziren duela gutxi. «Zuzendaritzari gure eskabidea helaraziko zietela erantzun ziguten, baina harrezkero ez digute besterik erantzun. Beraz, klubaren aldetik inolako urratsik emateko borondate falta garbia ikusten dugu», deitoratzen dute plataformako kideek.
Indar Baskonia ere bat eginda
Ondorioz, partida jokatuko dela garbi dirudi eta hargatik, Saski Baskoniak «segurtasun neurri bereziak» iragarri ditu, eta zaleei partida hasi baino ordu eta erdi lehenago azaltzen hasteko gomendatu die.
Honen aurrean, Indar Baskoniak «erabateko gaitzespena» adierazi dio Maccabi Tel Aviven aurkako partidari, Palestinarekin Elkartasuna plataformaren mezua bere eginez. Partida horren helburua «Israel normalizatzea da, hamarkadetan zehar herri palestinarra okupatu eta sarraskitu duen estatu terrorista».
«Maccabik Euroligan parte hartzea proiektu sionistaren irudia garbitzeko erabaki politikoa dela» azpimarratu dute eta horregatik, talde israeldarra «Euroligatik kanporatu beharko» litzatekeela iritzi dio.
«Baloreak kirolaren gainetik» daudela nabarmendu dute ohar baten bitartez. Baita ere, «Maccabiren aurkako partidak Israelek Palestinan egiten ari den genozidioa ikusezin bihurtu nahi» duenez, «ez litzatekeela jokatu behar» sostengatzen dute.
Denboraldian partida hau gelditu dezaketenei neurketa gelditzeko eskatu diete. Hori lortzeko eta estatu sionistarekiko harremanak eteteko, beharrezkotzat jo dute «gure artean antolatzea eta presioa egiteari». Ondorioz, ostiralerako manifestaziora gerturatzeko deialdia egin dute.
Nolanahi, «azkenean partida ospatuko balitz, lehen laurdenean zehar partidan ez sartzeko eta, gero, pabiloiaren barruan Maccabi modu aktiboan baztertzeko» eskatu die gainerako zaleei. «Palestinako herriari eskaintzen diogun elkartasunari oihartzuna emateko, bai eta Israelgo Estatu genozidako kirol ordezkari handienetakoa den Maccabiren presentzia desnormalizatzeko». Horrez gain, «harmailak bandera palestinarrez betetzera eta palestinar herriaren alde ozen oihukatzera» gonbidatu ditu zaleak.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena


