Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto
Entrevista
Koldo Tellitu
«Baskeet Gara» plataformako kidea Euskadiko Saskibaloi Federazioko presidentetzarako hautagaia

«Hauteskundeak irabazten baditugu, ofizialtasunaren gaia azken muturreraino eramango dugu»

German Mongerekin batera, Ikastolen Elkarteko presidente ohiak 'Baskeet Gara' plataforma eratu du. Luis Mari Sautuk gidaturiko lau urteetan euskarak eta ofizialtasunak atzera egin duela dio eta kudeaketa hankasartzeak agerian geratu direla, hauteskundeak atzeratu dituen prestutasun falta esaterako.

Koldo Tellitu.
Koldo Tellitu. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Duela lau urte ezustean irabazi zuen Luis Maria Sautuk Euskadiko Saskibaloi Federazioko hauteskundeetan. Lau urte hauetan «euskaran eta ofizialtasunaren gaian», besteak beste, atzera egin dela iritzita, Koldo Tellituk eta German Mongek 'Baskeet Gara' hautagaitza bateratua aurkeztu dute. «Izaera gogorreko bi pertsona gara. Elkartu aurretik elkarrekin sakon hitz egin genuen, eta hurrengo lau urteei begira egin beharrekoa argitu dugu, hautagaitzarekiko koherenteak izan eta bidean aurrera egiteko», esan du Ikastolen Federazioko presidente ohiak.

Hasteko, haustekundeak atzeratu beharra...

Oraindik data jakinik gabe, gainera. Hau ere presidentziaren utzikeriaren eredua dela uste dugu. Hau da, gure hautagaitzak helegitea aurkeztu zuen Saski Baskonia SAD eta Fundación Baskonia Alavés Fundazioa gauza bera direla iritzita, klub ezberdindu bezala azaltzen diren arren. Guk beharrezko dokumentazioa aurkeztu genuen. Kontrakorik dioen argudiorik badute, dokumentazioa horretarako eskatu zaielako, publiko egin dezatela. Baina denbora pasatzen utzi dute eta orain, epeak errespetatu behar direlarik, gutxienez hilabetez atzeratuko da dena. Sekula ikusi gabekoa da hau nire bizitzan, abokatu naizen aldetik!

Argitu behar da botoa eman dezaketen klubak, Kirolaren Lege berria indarrean jarri ostean, 48 edo 49 direla, eta bozka bakar batek erabaki lezake presidentea bat edo bestea izatea. 300 klubek bozka emateko eskubidea balute, agian ez genukeen helegiterik aurkeztuko. Eta orain, esan bezala, itxaron egin behar. Ezagutzen ditut batzorde horretan dauden pertsonak, bere lanean serioak dira, baina nork begiratzen duenaren arabera, gehiago edo gutxiago luzatuko da eten hau.

Zuen balorazioa, bestela ere, ez da ona.

Gure iritziz ikusgarritasuna galdu du azken lau urteetan. Azken urteetan Lauko Finalak bertan egiteari laga zaio, komunikazio alorra asko jaitsi da eta ikustekoa da euskarak saskibaloi kantxetan beherantz egin duela. Bestalde, euskal selekzio absolutua erabat desagertu da.

Programarik ez duen hautagaitza bati buruz ari gara, eta kudeaketan hanka sartze nabarmenak egin dituena. Esaterako, 240.000 euroko galera bat izan zen dirulaguntza bat behar bezala ez eskatzeagatik, eta baita Koldo Echevarriaren aurkako epaiketagatik ere. Aseguru medikuarekin gertatu dena ere oso larria da: lesioa izan duten 23 jokalariri ebakuntza egin atarian ezetz esan zaie, aseguru merke bat kontratatzearen erruz.

Selekzioaren ofizialtasuna eskatzeko orduan sutsu diharduzue.

Batetik, euskal selekzio seniorren partidak berreskuratu behar dira, Brizuela eta Lopez-Arostegi bezalako jokalariak barnean direla. Esaterako, bere garaian indarra zuen Barakaldon Gabonetan egiten zen torneoak, eta orain desagertu egin da. Baina horrez gain, saskibaloiak dituen lizentzia pila aintzat hartuta, ez genuke azkenak izan nahi ofizialtasuna eskatzen, edo eskatu gabe geratzen diren bakarrak. Dagoeneko 22 federazioak eskatu dute eta bistan da Sauturekin hori ez dela gertatuko. Gu FIBAren aurrera joan eta ofizialtasuna planteatzeko prest agertzen gara. Eta hauteskundeak irabazten baditugu, azken muturreraino eramango dugu gai hau.

Bestalde, Nafarroa eta Iparraldearekin harremanak sendotu behar direla uste dugu, euskara plan bat errotu eta, horrez gain, «Galeusca izpiritua» ere berreskuratu behar dugu.

Emakumeek euskal saskibaloian duten indarraz, esatekorik ez?

Futbolaren bultzada handia izaten ari da. Gogoratu Laia Palau jokalari ohiaren hitzak. «Albiste bikaina da emakumeak gero eta gehiago kirolean lekua egiten aritzea, baina ez dezala futbolak dena aurretik eraman». Guk oraindik futbolak baino 1.500-2.000 lizentzia gehiago ditugu saskibaloian eta dagoeneko talde bat baino gehiago gurekin kontaktuan jarri da gure asmoen berri jakin nahian eta gure proposamenak partekatu dizkiegu.

Hainbat arlotan lan egin behar da zentzu horretan. Hasteko, modu goiztiarrean kirola bertan behera uzten duten emakumeen kopurua murriztu dadin, behin 15-16 urtera iritsitakoan lagatzen dutenen kopurua ikaragarri handitzen delako. Bestetik, programa zehatzak egin behar dira emakumezko entrenatzaileak eta epaileak ere izan daitezen, eta ezin dugu ahaztu edonolako jazarpenen kontrako protokoloa ezartzeaz ere, ez baita onargarria halakorik gertatzea. Emakumeen eta saskibaloiaren arteko lotura zeharkakoa da beti, ez dago etapa bati bakarrik lotua eta hori aintzat hartu behar dugu; saskibaloia ez da lehiaketa hutsa, kolaboratibotik ere asko dauka eta hor emakumeen presentzia indartu beharrekoa da, asko daukalako emateko.

Kanpotik ikusita, Monge eta biok gidaturiko hautagaitza ezkontzea zaila dirudi.

Biak izaera gogorrekoak izanda, hasieratik elkarrizketa sakona izan genuen eta argi geratu ziren bakoitzaren eremuak. Azken baten, ardura duena programa bat izatea da eta programa hori bete dadin konpromisoak hartzen ari gara. Horrez gain, esan bezala, kudeaketa aldetik eta euskal selekzioaren inguruan ikusi ditugun gabezia eta hutsune harrigarriak ikusita, horiek zuzentzera bideratuko dugu gure lana, beste ezberdintasunen gainetik.