NAIZ

EH Bilduk Miranda eta Altsasu arteko tren zerbitzua martxan jartzeko eskatu dio Lakuari

Miranda eta Altsasu lotuko dituen aldiriko zerbitzua martxan jartzeko eskatu dio beste behin EH Bilduk Lakuari. Urte hasieran Gasteizko Gobernuak eskuratu zuen zerbitzu horren eskumena, eta udaberrirako martxan jarriko zuela eman zuen hitza. Oraingoz, ez dago datarik.

Eva Lopez de Arroyabe eta Rocio Vitero ostegun honetako agerraldian.
Eva Lopez de Arroyabe eta Rocio Vitero ostegun honetako agerraldian. (Jaizki Fontaneda | FOKU)

Miranda eta Altsasu arteko aldiriko zerbitzua «lehenbailehen» martxan jartzeko eskatu dio ostegun honetan EH Bilduk Lakuari. Izan ere, joan den 2025eko urtarrilaren 1ean, Lakuak bere gain hartu zuen aldirietako tren-zerbitzuen eskumena, eta udaberri honetarako zerbitzu hori martxan egongo zela agindu zuen. Baina, oraingoz, ez dago martxan jartzeko datarik.

«Lakuan egindako azken kontrol osoko bilkuran, eta EH Bilduren galderei erantzunez, sailburua ez zen gai izan martxan jartzeko datarik emateko. Horregatik, Arabako erakundeetatik azkartasuna eskatu nahi diogu Lakuari, baita prozesu hau guztia gure erakundeekin kontatuz egin dadila», adierazi du Rocio Vitero EH Bilduk Gasteizko Udalean duen bozeramaileak.

EH Bilduren Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak gogorarazi du ez dela bete 2024ko ekainean onartutako mozioa. Bertan, besteak beste, erakunde arteko lan-talde bat martxan jartzea proposatu zen, bai erakunde eskudunekin, bai zerbitzu hori martxan jartzeko hala eskatzen duten Arabako udalerriekin. «Horretarako sei hilabeteko epea ezarri bazen ere, orain arte ez da jakin lantalde hori sortu denik», nabarmendu du Lopez de Arroyabek.

Bestalde, aipaturiko mozioan, Lakuari Arabako geltoki edota geraleku guztien inbentarioa egiteko eskatu zitzaiola gogorarazi dute, «eskura ditugun azpiegiturak eta egungo egoera ezagutuz, udalerriekin lankidetzan, trenbide zerbitzu berri horren barruan geltoki berriak ezartzeko aukera eta beharra aztertzeko».

«Ia urtebete igaro den honetan, kezkaz ikusten dugu erreklamazio horiek ez direla bete», azaldu dute. Eta gaineratu Araba erdialderako aldiriko trena «funtsezko elementua» dela lurraldearen kohesioa eta mugikortasun jasangarria bermatzeko. «Ez dugu ulertzen gai horretan izandako atzerapena eta azalpenik eza, egoera horren aurrean, ez gara geldirik geratuko, eta horregatik, gaur iragarri nahi dugu berriro eskatuko diegula erakundeei arabarren beharrei erantzuteko eta adostutakoa betetzeko», esan dute.

EH Bilduk adierazi du ekimen bat eramango duela Arabako Batzar Nagusietara eta Gasteizko Udalera, erakunde arteko lantalde hori abian jartzeko, geldialdien inbentarioa egiteko, zer hobekuntza egin behar diren aztertzeko, geraleku berrien ezarpena aztertzeko eta prozesu hori guztia trenbide-korridoreko tokiko erakundeekin lankidetza estuan egiteko.