NAIZ
Bilbo

Harrera beroa egin diete Athleticeko zaleek jokalariei, finalarekin ametsetan

Milaka eta milaka zale zurigorri pilatu dira arratsaldean zehar Bilbon, gaur gauean Manchester Uniteden aurka jokatuko duten partidaren atarian. Azken urratsa falta zaie ametsa bete eta etxean lehiatuko den finalerako txartela lortzeko.

Irudi ikusgarriak utzi dituzte zale zurigorriek Moyuan.
Irudi ikusgarriak utzi dituzte zale zurigorriek Moyuan. (Athletic Club)

Athletic eta Manchester Uniteden arteko partida 21:00etan hasiko da. Baina partida dagoeneko hasi da. Milaka zale bildu dira Bilbon Athletici harrera egin eta animoak epaileak hasiera eman baino askoz lehenago helarazteko.

Irudi ikusgarriak utzi ditu arratsaldeak, eguzkiak bustitzen zituen milaka elastiko zurigorrirekin. Plaza Eliptikoan bildu dira eta bultzada entzutetsua jaso dute jokalariek.

Hoteletik ateratzean jokalariak zaleengana gerturatu dira eta babes guzti hori eskertu diete.

Finala dute amets bilbotarrek eta lehen gola partidaren atarian egin dutela esan daiteke. Orain zelaian gauza bera egitea baino ez da falta. Ez da erronka makala. Ez da beste garai batzuetako erraldoia. Baina Athleticek aurrean denboraldi amaieran helburu bakarrarekin dabilen Manchester United talde handia izango du. Hauek ere, Europako titulua dute jomuga eta bidean Reala ere utzi zuten kanpoan.

Dena dela, gaur zortzi Ingalaterrara bidaiatu beharko dute Ernesto Valverderen mutilek. Orduan ere milaka zalek lagunduko dituzte, San Mameseko finalerako bidean Old Trafforden, Ametsen Antzokian, ametsa bukaeraraino eramateko.

Norgehiagoka 21.00etan hasiko da eta zuzenean jarraitu ahal izango da NAIZ Irratian.