NAIZ

«Maitatzeko modu posibleak» islatu ditu Natalia Lisinicchiak Zinegoak jaialdiaren kartelean

Erresistentzia eta afektu sareak lematzat hartuta abiatuko da Zinegoak LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdia ekainaren 23an. Natalia Lisinicchiak egin du 22. edizio honetarako kartela eta, bertan, «maitatzeko beste modu batzuk posible» direla iradoki nahi izan du.

Natalia Lisinicchia ilustratzailea, 22. Zinegoakeko kartelarekin.
Natalia Lisinicchia ilustratzailea, 22. Zinegoakeko kartelarekin. (ZINEGOAK)

Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak aurtengo edizioaren ildo nagusiak eta irudia aurkeztu ditu astearte honetan. Ekainaren 23tik 30era jaialdiak ‘erresistentzia eta afektuen sareak’ aldarrikatuko ditu programazio zabal baten bidez, proiekzioak, arte eszenikoak, hausnarketarako guneak eta topaketak barne.

Alaitz Arenzana Zinegoakeko zuzendariak nabarmendu duenez, «edizio berri honetan, arreta berezia jarriko diegu disidentzietatik sortzen ditugun erresistentzia sareei eta afektuei. Egitura tradizionaletatik, hegemonikoetatik eta patriarkaletatik haratago doazen ereduak birpentsatu behar dira. Gure gizarteak zeharkatzen dituen zapalkuntza-sistemei aurre egitea eta gainditzea bilatzen duten espazioak aldarrikatu nahi ditugu, heteronormatibitatea, patriarkatua, kolonialismoa edo kapazitismoa, besteak beste».

Ideia horiek jaialdiaren programazioan islatuko dira, baita Natalia Lisinicchia artistak sortutako Zinegoakeko edizio honetako kartelean ere. Irudian, Berlinen bizi den ilustratzaileak, maitatzeko, komunitatea sortzeko edo hazteko beste modu batzuk eraikitzea posible dela aldarrikatu nahi izan du: «Beharbada, familia-eredu berriak sortu behar ditugu, eta ez kontuan hartu bakarrik odol-ahaidetasuna, baizik eta maite ditugun pertsonak saretuko dituzten ereduak ere».

Kartelean Lisinicchiaren estiloa ikus daiteke, serigrafiaren eragin handia duena: «Handik nator, masa solidoekin, kolore lauekin eta formen sintesi sendoarekin. Oso pozik nago emaitzarekin eta aukeratutako kolore-paletarekin. Proiektu honek lengoaiari dagokionez artista bezala ondu egin nauela sentitzen dut, eta hemendik aniztasun etnikoa modu kontzienteago batean islatzen duen bilduma berri bat sortuko da».

Lisinicchiak kartela egiteak sortu dion ilusioa ere aipatu du: «Lehenik eta behin, queer izateagatik eta queer zinema-jaialdi batean parte hartu ahal izateagatik. Era berean, artista gisa, magikoa da norbaitek zure zerbitzuak kontratatzen dituenean eta zu zeu izatea besterik bilatzen ez duenean. Eta azkenik, Euskal Herriaz maiteminduta nago, eta asko miresten dut arteari eta kulturari eskaintzen diozuen guztia».

Kartela egiteaz gain, Lisinicchia Bilbon izango da Zinegoak 2025en irudia oinarri hartuta horma-irudi bat egiteko.