
Inolako garrantzirik gabeko etapa behar zuenak sekulako aztoramena sortarazi du aurtengo Giroan. Esloveniako errepideetan barrena, Nova Goricako helmugatik 23 kilometrora tropeleko aurreko partean eroriko handia gertatu da, eta Lidl Trek taldeko Giulio Cicconek Giroan ezer egiteko aukera guztiak galdu ditu. Italiarrak etapa amaitu du, baina min keinu nabarmenak egin ditu eta hemendik aurrera Giroa amaitu arte tropelean jarraituko balu ere, sailkapen nagusiko jokotik at geratuta legoke.
Alabaina, ez da kaltetu bakarra izan. Isaac Del Toro mexikarra oso azti ibili da, Visma taldekoen ekinari esker sekulako etekina lortu baitu Giroko liderrak. Izan ere, etapa garaipenaren bila mugimendua egin du Vismak, Simon Yatesen aldekoa ez ezik, Kasper Asgreen (Education First), Mirco Maestri (Polti) eta Martin Marcellusi (Bardiani) iheslariak harrapatu eta etapa garaipenaren bila sekulako joa erakutsi dute, hainbat esprinter atzean geratu direlako. Vismaren gurpilari itsatsita, Del Toro eta Simon Yatesek hegan egin dituzte azken 20 kilometroak, su betean egin dituztelako azken kilometro horiek Esloveniako errepide bustietan.
Atzean berriz, aurreneko talde batean geratu dira Juan Ayuso –UAE guztia, Isaac Del Toro izan ezik–, Primoz Roglic eta Egan Bernal. orotara ia 50 segundo laga dituzte mexikarrarekiko eta hala, orain Isaac Del Torok bere lidergoa are gehiago sendotu du eta Simon Yates du bigarren postuan sailkapenean, UAEkoarengandik minutu eta 20 segundora. Vismakoarengandik sei segundora, hirugarren posturaino erori da Juan Ayuso, eta honen atzetik datoz hurrenez hurren Carapaz, Roglic, Derek Gee –aurreneko taldean sartzen asmatu du kanadarrak–, Damiano Caruso Antonio Tiberi –eguneko beste galtzaile handienetakoa–, Egan Bernal eta Arensman.
Esan bezala, Giulio Cicconeren ostean, Bahrain taldeko Antonio Tiberi gazteak Roglic, Ayuso eta enparauek baino minutu bat gehiago galdu du, eta eskerrak denbora tarte batez bere taldekideak, pello Bilbao barne, lanerako izan dituen, bestela are eta galera handiagoa izango zukeen.
Etapa garaipena berriz, inork espero ez zuen batek eraman du: Kasper Asgreen Education First taldeko daniarrak. Bi urte zeramatzan Asgreenek inolako garaipenik erdietsi gabe, baina bere palmaresean Tourreko etapa bat baldin bazegoen, orain Girokoa ere gehitu dio, klasikozale onenen pare tropel nagusiari buruz buruko desafioan irabazi baitio daniarrak.
«Petralkeria da gero garaipen bat lortzeko horrela zukutu beharra norbere burua! Baina lortzen duzunean ikusten duzu egindako esfortzuak pena merezi izan duela!», onartu du Asgreenek berak helmugan.
Etaparen aurreneko saiakeretatik jo eta jo aritu da eta tropela beti hurbil izan arren, ez du etsitzeko imintziorik ere egin. Are gehiago, bere iheskide Maestri eta Martin Marcellusiren aldean lana gogor egin du, erritmoa markatuz eguneko muinotxo guztietan eta jaitsieretan teknika bikaina duela erakutsiz. Azken kilometroetan, berriz, bere beste bi kideak baino indartsuago azaldu da eta tropela bazetozkiela antzemanda, erasoa jo eta helmugara bakarrik iristeko abilidadea izan du.
Esloveniako eromena
Italiako Friuli eskualdean ibili arren, Dolomiten erreinuan, egun laua izan du Giroak zapatu honetan eta teorian esprintean amaitu behar zuen, sailkapen nagusirako inolako aztoramendurik gabe. Eromenik izatekotan, azken kilometroetan Eslovenian sartzerakoan behar zuen. Roglicen animatzaile sutsuak, esloveniarrek errepide bazterrak kokoteraino bete dituzte, berdin jendez, banderaz, pankartaz eta animazioz, eta gezurra badirudi ere, etapak beste gatz eta piper bat hartu du ere.
Izan ere azken kilometroetan talde-lanari etekinik ateratzea ez zen erraza, besterik gabe esprinta izateko ideiarekin. «Azken kilometroak oso teknikoak ziren eta horrek mesede egin dit aldea mantentzeko», onartu du, esaterako, Kasper Asgreenek. Euri txikia ere tarteka izan dute txirrindulariek eta leku batzuetan lurra irristakor xamar ere izan da.
Baina Nova Gorica –Gorizia italieraz– inguruko hirigunean, arrisku gutxien behar zuen eremuan, sekulako erorikoa izan da. Tropeleko aurreneko puntan izan ere, eta Lidl Trek talde osoa harrapatuta geratu da segada horretan. Giulio Ciccone etapan jarraitzeko nahikoa lanekin; bere taldekide Mads Pedersen, Giro honetan dagoeneko lau etapa garaipen dituen gizona, etapako lehiara begira inolako aukerarik gabe, eta beste hainbat lider gehiago ere. Tiberi berak ere hanka lurrera bota behar izan du eta makina bat lider, tartean UAE ia osoa, atzean harrapatuta geratu dira.
Visma taldeak etapa garaipenerako aukera eta sailkapen nagusian Simon Yatesekin aurrera egiteko abaguneak biak ikusi ditu, eta Isaac Del Toro UAE taldeko txirrindulari eta Giro honetako liderrak ere ez du aukera pasatzen utzi. Azken 20 kilometroetan ez da Giro izan: aurrean Asgreen ihesaldia helmugara eraman nahian; atzetik Visma taldea Ayuso, Roglic, Bernal edo Carapaz geratu diren taldeari aldea ateratzeko lanean; multzo handi honen atzean, Bahrain taldea Antonio Tiberiri nola lagundu asmatu ezinik; ondotxo atzerago, Giulio Ciccone madarikazio betean eta oinazetan.
Giroa bere asterik erabakigarrienean sartzera doa eta Nova Gorican amaitu den etapak nahitaez Del Tororen arerioak mugiarazi behar ditu. Ikusi egin behar baita ere Juan Ayuso UAEko liderra behar lukeena bere taldekideari erasoka hasiko ote den ala ez.
Hasteko, Fiume Veneto eta Siago artean 219 kilometroko txango luzea dute domeka honetan, eta tartean Monte Grappa handia, 25 kilometroko igoeratzarra, helmugatik oso urrun, baina erreferente. Helmugatik askoz gertuago, gailurra 25 kilometro ingurura duen bigarren mailako Dori mendatea. Hori bai, Dorik 16 kilometrotik gorako luzera dauka eta gailurretik Siagoko helmugara ia dela goi-lautada izango da, beraz oso lasterketa itoa izango da; sailkapen nagusian larunbatean hasi den aztoramen honi jarraipena emateko ezin aproposagoa.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

