Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

EHUko errektorearen mezua Legebiltzarrean: «Azpifinantzaketagatik aukera asko galtzen ditugu»

Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorea Gasteizeko Legebiltzarrean izan da 2025-2031 seiurtekorako dituen lan ildo nagusiak azaltzeko. Agerraldia aprobetxatu du finantziazioaz hitz egiteko, izan ere, dioenez, «azpifinantzaketagatik aukera asko galtzen ditugu».

Joxerramon Bengoetxea Gasteizko Legebiltzarrean.
Joxerramon Bengoetxea Gasteizko Legebiltzarrean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

«Gure azpifinantzaketagatik aukera asko galtzen ditugu, baita dugun laguntza tekniko eskasagatik ere. Eta asko hobetu liteke». Hala adierazi du EHUko errektorea den Joxerramon Bengoetxeak Gasteizko Legebiltzarrean egindako agerraldian. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Batzordean izan da Estitxu Garai, Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordearekin batera, «50.000 kidek osatutako komunitate baten izenean».

Bengoetxeak EHUk 2025-2031 seiurtekorako dituen lan ildo nagusiak, lehentasunak eta premiak aurkeztu ditu, eta unibertsitate publikoaren aldarria egin du. «EHUren alde apustua egitea euskal unibertsitate sistema osoaren eta gure gizartearen aurrerabidearen alde apustua egitea da», nabarmendu du, eta argi utzi du «unibertsitate pribatuaren ugaltzeak» kezkatzen diola, «azken batean, unibertsitate publikoekin alderatuta askoz ere baldintza samurragoak dituztelako».

Zentzu honetan, EHUk guztion «laguntza eta babesa» behar duela esan du, eta eskatu du Lakuako 2026rako aurrekontu proiektuak «aintzat hartzea denon unibertsitatea», «autonomia eta kalitatea bermatzeko», %1eko helburua goraipatuz. «Gure aldetik dena emateko prest gaude, finantziazioaz arago», gaineratu du, gobernantza ireki eta parte-hartzailea defendatuz. 

Ordezkoen etorkizuna

Errektoreak azaldu duenez, bere lantaldeak ehun eguneko epemuga gainditu du eta «oso pozik» dago «garrantzitsuak diren aurrerapauso batzuk eman ditugulako», ordezkoen kolektiboarekin lortutako akordioa azpimarratuz: «Datorren ikasturtetik aurrera ordezkoak lanaldi osoan kontratatzeko aukera izango da; 200 lagun ingururi eragingo die».

Etorkizunera begira dituzten erronkak ere azaldu ditu. Haietariko bat etxebizitza faltari aurre egitea da. Horretarako, EHUk egoitza berriak egingo ditu Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan. Halaber, «zaintza integraleko zerbitzua» martxan jarriko du; eta handitu egingo ditu Medikuntza graduan eskaintzen dituen plazak, 16 plaza gehiago ikasturte honetan. Horrekin batera, epe ertainari begira, Odontologia Klinika sozialaren proiektua aipatu du.

Era berean, Euskal Unibertsitate Sistemaren legeari buruz hitz egin du. «Ezinbestekoa izango da pentsatzeko nolako unibertsitatea nahi dugun, eta zein sistema behar duen gure gizarteak unibertsitate sisteman lidergoa bermatzeko». Bere esanetan, ezinbestekoa da «nahikotasun finantzarioa izatea eta unibertsitatearen autogobernua eta kudeaketa autonomia ahalbidetu eta babestuko duten legedi egokiak izatea».

EHUren irudi berria

Bestetik, Bengoetxeak EHUren irudi berriari buruz hitz egin du, izan ere, aurrerantzean soilik EHU siglak erabiliko ditu unibertsitateak. «Gure irudia berritu eta aro digitalera egokitzeaz gain, EHUren posizioa hobetuko da, siglek eman izan dituzten arazo historikoak gaindituz, UPV siglek Universitat Politècnica de Valènciari egiten diotelako erreferentzia, eta produkzio zientifikoaren zati bat galdu izan da izendapen aniztasunaren ondorioz».

PSEk eta PPk kritikatu egin dute aldaketa, baina errektoreak adierazi du izen ofiziala ez dela aldatuko: ‘Universidad del País Vasco-Euskal Herriko Unibertsitatea’. «Egin duguna izan da markaren aldaketa, gure ikurra nabarmenduz», zehaztu du.