NAIZ

Fermin Leizaola, Euskal Herriko ondarearen zaintzailea, zendu da

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gordailuari bere «sekretuak» pasa ondoren hil da Fermin Leizaola. Itzela izan da hamarkadotan zehar batu duena, herriz herri eta etxez etxe, bai arlo materialean baita jakintzaren aldetik ere. 81 urte zituela zendu da.

Fermin Leizaola Calvo.
Fermin Leizaola Calvo. (Andoni Canellada | Foku)

«Entziklopedia ibiltaritzat» jo zuen Andoni Urbistondok 2023. urtean GAUR8rako elkarrizketa ondoren. Kimika ikasia zuen baina etnografia izan du ogibide gero, eta pasioa. Donostian jaio zen 1943an eta azken orduotan hil da, 81 urte zituela, Fermin Leizaola Calvo.

Lanak bukatuta Aranzadi elkartean ematen zituen aisia ordu asko. «Espeleologia gustuko nuela esan nien, baina lehen aldiz joan nintzenean departamentu hark jarduerarik ez zuela esan zidaten». Aire librean aritzen zen beharrean, eta horrek eraman omen zuen etnografian murgiltzera. «Arratseko zazpiak arte egiten nuen beharra, eta gero Aranzadira joaten nintzen, gauzak egitera. Asteburuetan, mendira irteerak, han zeuden baserritarrei, egurra mozten ari zirenei, ikazkinei eta artzainei leize zulo, koba, putzu edo iturriak non zeuden galdetzera. Ehunka txabolatan sartzen nintzen informazio eske».

Hamarkadotan bildutakoa itzela izan da, asko eta balio handikoa. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroari, Gordailuari, 521 objektu etnografiko dohaintzan eman zizkion 2021ean: altzariak, laborantzako lanabesak, saskiak, ale neurgailuak... Orotara, hala ere, 4.000 inguru dira Leizaolak Gordailuari emandako objektuak.

Milaka anekdota ere bildu dituela aipatu zuen Urbistondok erreportaje-elkarrizketa horretan: «Artzainei zeuzkaten objektuen argazkiak eta informazioa eskatzen nizkien. Neurketak egin metroarekin, oso zehatzak, eta artzainek pentsatzen zuten Udal edo Aldundiko langileren bat nintzela, haiek egindako arau hausteren bat frogatu eta isunen bat jartzeko intentzioa zuena. Kostata ulertzen zuten zertara joaten nintzen, ni han borondatez aritzen bainintzen, musu-truk, motibazio ekonomikorik gabe». Horrela, 60 urtez, atsedenik hartu gabe.

Ibilbide honetan, Leizaolak ere bere ondare propioa jaso du: lagun asko. Honela azaldu zion Xabier Izagari ‘7K’rako aurtengo martxoan eginiko elkarrizketan, ardura honek utzi dionaz galdetuta: «Bada, lagun multzo bat sortzen duzu. Egun batean legatza saltsan eramaten diozu eta berak txabolako oilategian dituen arrautza batzuk jartzen dizkizu, gorringoa hausteko ia labana sartu behar diezun horietakoak; oso gauza ona, oso zapore onekoak. Haiek jaten ez duten gauza bat eramaten diezu, argazki batzuk egin, gero eraman egiten dizkiezu, oso garrantzitsua, eduki ditzaten, eta truke horren bidez adiskidetasuna sortzen da».

Jaso bakarrik ez, jakina; hedapen lan handia egina du Leizaolak. Adibide bat, beste askoren artean: Ezkio-Itsasoko Yartu kultur elkarteak Lapurdira eginiko bisitan irakasle lanetan ibili zen (Gotzon Aranbururen bideo-lan honetan jasoa).

Aranzadi Zientzia Elkarteko etnografia sailaren zuzendaria izan da urte askotan Fermin Leizaola. Lekukoa Maite Errarte historialari beasaindarrari pasa zion iazko azaroan.