
Udazkenean Zaldibarren izango den Euskal Herriko Gazte Feministon Baterajotzerako ‘Su hau dena’ abestia aurkeztu dute larunbat honetan. Iholdi Beristainen ahotsarekin, Olatz Salvadorren sortutako musikarekin eta Aner Peritzen eta Aissa Intxaustiren letrarekin. Azken momentuko erabakia izan bazen ere, bideoklipa ere egin dute.
Uma Ulazia Gazte Feministen bozeramaileak NAIZi azaldu dionez, sortzaileetako bakoitza, bere arlotik, feminismoan aritzen delako aukeratu zituzten abestia egiteko. Izan ere, «uste genuen zabaldu nahi dugun mezu hori kantu bihurtu ahal zela».
Bere ustez, «oso erraza da» abestiaren mezuarekin identifikatzea, «erreferentzia eta erresistentzia konkretu asko jasotzen direlako». Zehazki, feminismoaren «bizipen eta borroka partekatu bat jasotzen da abestian».
Aner Peritzentzat, sortzeko prozesua «erronka bat» izan da. Olatz Salvadorrek sortutako musika izan zen abiapuntua, beraz, «puzzle lan bat» izan da berarentzat eta Aissa Intxaustirentzat. Hala ere, Gazte Feministengandik jasotako ideia nola enkajatu ikusteko sortzaile guztien artean adostu behar izan dute.
Argi daukate «kantuak berak erantzuten diola eman nahi genuen mezu horri». Peritzek dioenez, «saiatu gara eduki politikoa zuen kantu bat egiten horretan sinisten dugulako». Bideoklipa egiten aritu den lantaldeak ere «izugarrizko lana» egin duela dio, eta «bere funtzioa betetzen» duela.
Testuinguru «errekazionario» batean
Uma Ulaziak dioenez, aurtengo Baterajotzea testuinguru «erreakzionario» batean gaudelarik egingo da, bai eta «feminismoaren despolitizazio saiakerak» dauden momentu batean ere. Hortaz, «feminismoaren lubakia defenditzearen behar horretatik elkartuko gara Zaldibarren», laburbildu du.
Baterajotzeak «tresna bezala» funzionatzen duenez, aurten «elkargune» izatea nahi dute Euskal Herriko Gazte Feministek. Zentzu horretan, bere burua gazte feministatzat duen orori dei egin nahi diote urriaren 31tik azaroaren 2ra arte Zaldibarrera joateko. «Uste dugu momentu politiko honek eskatzen duela komunitate feminista indartuta batzea», azaldu du. Ordura arte, «herriz herri eta auzoz auzo borrokan» jarraituko dute, udan ere bai.

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
‘Gutun bat Kottori’: «Gazteoi dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea»
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

El primer festival Aske pone la banda sonora a una Euskal Herria libre
