Donald Trump: begi bat Tel Aviven, bestea MAGAn

Donald Trumpek Iran bonbardatu ala ez erabakitzeko bi aste hartu zituela esan zuenean, erabakia hartuta zegoen eta hegazkinak irteteko prest zeuden. New Jerseyn daukan hotel eta golf zelaian eman zuen ostirala AEBko presidenteak, Missouriko base batean B-52ak irteteko zorian zeuden. Hemezortzi ordu joateko, eta beste horrenbeste itzultzeko. 50 ordu baino gehiago eman dituzte airean lurrik hartu gabe, ibilian bertan hornituz erregaia.
Joan den osteguneko gezurra «operazioaren» onerako zela argudia liteke, ezkutuan mantendu beharra. Haziz zihoaz eta Trumpen MAGA mugimendua erdi-erditik zatitzen ari zen eztabaida baten presioa arintzeko balio izan zuen, ordea.
Aste osoan zehar ikusi eta entzundakoaren ostean, argi samar zegoen Trump Benjamin Netanyahuren espiralean buru-belarri sartuta zegoela. AEBko presidenteak apirilean 60 eguneko epea eman zionean Teherani akordio nuklear bat lortzeko, funtsean egutegia markatu zion Israeli gerra hasteko.
Igandean, JD Vance presidenteordeak gogorarazi du presidenteak azken unera arte eraso bati buruz daukan kontrola –eta erantzukizuna, bistan da–. Vanceren arabera, Trumpek azken orduan erabaki zuen OK esatea bonbardaketari. Horretarako daude, besteak beste, inteligentzia-zerbitzuak. AEBko presidente batek herrialde batek azken ordura arte dauka armadaren eraso militar bat geldiarazteko aukera.
Kasu honetan, baina, inteligentzia-zerbitzuetako buruak argi esana zeukan Iran ez zela ari arma nuklearrik ari. Demokraten eta ez errepublikano gutxiren errezeloekin onartu zuen Kongresuak lan horretarako Trumpek hautatutako Tulsi Gabbard demokrata ohia (Putinen agente deitu zioten). Ezkerreko jarrerak hartzen eskuin muturreko konspirazioetara, ahots libre bezala nabarmendu nahi izan zuen demokraten artean, baina ‘gerrazaleak’ gailendu zirela salatuz utzi zuen alderdia, Trumpek ‘fitxatuta’.
Iraganeko balantza ideologikoak iraganean utzi behar dira MAGA mugimenduan, horratik, Trumpen taldean sartzen denak Trumpek nahi duena bete behar du. Eta hala egin zuen Gabbardek ostiralean: martxoan kongresuan Irani buruz esandakoetan oker zegoela adierazi zuen. Liderrari erabateko obedientzia erakusteko egiten diren auto-zigorketa eta umiliazio-ariketa izan zen.
Asko izan ziren Iran bonbardatzea zalantzan jarri zuten eskuin muturreko kideak, Trumpek behin eta berriz egindako promesa gogora ekarriz, orain arteko «gerra amaigabe» gehiagorik ez zela egongo.
AEB isolatu baten ideia oso zaharra da, bere inperialismoa baino zaharrago, eta paradoxikoki, biak uztargarriak izan dira historian: munduari bizkar eman eta bere baitara bildu, baina «ageriko patua» zelakoan ozeanotik ozeanora joatea bere lurraldea handitu, Mexikori edo herri indigenei lurrak kenduz; galbahe handirik gabe esan ditu antzekoak Groenlandiari, Kanadari eta Panamako kanalari buruz. Ekialde Hurbilean kanal horren pareko leku estrategikoak dira Suez eta Hormuz, baina are beharrezkoagoa da Washingtonentzat Israelen bidez eskualdearen kontrola.
MAGA, «egin Amerika –AEB– berriz handi» leloa neurri handi batean AEB isolatuari dagokio, eta horrek mundurako baliabideak –militarrak horietako asko– etxean geratzetik hasten da, gerrarik piztu gabe. Beren burua eskuin muturretik urrun ikusten duten askok egin du bat ideia horrekin. Orain, eraso honek mamu zaharrak piztu ditu. Ekialde Hurbileko mapa aldatzen ari da, Siria eta Libanoko proxyak galdu ditu Iranek. Yemengo huthiez gain, Teherani hurbil geratzen zaion laguna... AEBk ‘askatutako’ Irak da.
Trumpek MAGA barneko sua itzali beharra zeukan. Gabbard bere burua lotsaraztera behartu zuen. Etxe Zurian erasoaren berri emateko agerraldian ez zen bakarrik agertu, aurretik Bush, Obama edo Biden bezala, Estatuburua eta Armadako komandantea herriari hitz eginez.
JD Vance presidenteordea, Marco Rubio estatu-idazkaria eta Pete Hegseth defentsa-idazkaria izan zituen atzean. Trump komunikatzaile ona da, baina koldarra ere bai. Vance isolazionista, Rubio belatza
eta Hegseth MAGAko fededun itsua behar zituen gibelean.
Steve Bannon ultrak argi iragarri zuen: kontra zeudenak ere, Trumpek bonbardaketa agintzerakoan, bere alde agertuko ziren.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena






