Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Etxean 'atsedena' hartu ostean, Arraun Lagunak garaipenaren bidera itzuli da Zierbenan irabaziz

Larunbatean, Donostian, hirugarren izan eta gero, iazko txapeldunek denboraldiko hirugarren bandera eskuratu dute Zierbenako uretan. Oriok bigarren postua errepikatu du, orain arteko estropada guztietan bezalaxe, eta Astillero, lehen txandatik, izan da hirugarren.

Arraun Lagunak-eko arraunlariak, pozik Zierbenan irabazi berritan.
Arraun Lagunak-eko arraunlariak, pozik Zierbenan irabazi berritan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Baliteke Arraun Lagunak garaipenera ohituta egotea. Iaz den-dena irabazi zuten Euskotren Liga eskuratzeko. Baina larunbatean, etxean, Donostiako badian, hirugarren izan ziren eta baliteke arantza hori barruan izatea. Bada igande honetan kendu egin dute, Zierbenako uretan XI. Petronor Bandera eskuratuta, denboraldiko hirugarrena alegia.

Atzetik, Orio izan da bigarren. 'Mirotzek' bigarren postua errepikatu dute, orain arteko estropada guztietan bezalaxe, eta bigarren sailkatua da sailkapen nagusian. Hirugarren posturako ezustekoa egon da; izan ere, lehen txandan aritu den Astillero izan baita podiumeko hirugarren kajoian. Larunbatean irabazle izan zen Tolosaldeak ezin izan du kantabriarren denbora hobetu, eta Hondarribiak larunbatean ohorezko txandan aritzeko aukera lortu bazuen ere, gaurkoan deborarik txarrena egin du.

Estropada ikusita, Arraun Lagunak berriro ere sendo dagoela ikusi ahal izan da. Larunbatean itsasoan egindako lehen estropadan gertaturikoa bajoi txiki bat izan zela dirudi eta denboraldiaurrean lorturiko emaitza bikainak lortzen jarraitzeko prest dago.

Gaurkoan hasiera-hasieratik Orio izan da lidergoa hartu duena. Baina ez die asko iraun, lehen ziabogara iritsi aurretik donostiarrak izan baitira lehen postua hartu dutenak. Are gehiago, bigarren luzean aldeak handitu dituzte eta 'emozioa' atzean egon da, lehen txandan aritutako ontzien denbora hibetzeko helburuan. Oriok bakarrik lortu du Astilleroren denbora hobetzea.

Lehen txanda: Astillero nagusi eta foto-finisha

Zierbenako estropadari hasiera eman dion proban, emozioa nagusi izan da azken luzean eta, batez ere, azken metroetan. Puntuen faltan zebilen Astillero nagusi izan da txandan, garaipena eskuratuz –eta ondoren ikusiu denez, hirugarren postu orokorra lortuz–, baina bigarren posturako lehia oso irekita egon da azken momentura arte.

Pentsa, lehen ziabogan, honela zegoen estroapada: Astillero, Zumaia segundo batera, Hibaika bost segundora eta Donostiarra 8 segundora. Bigarren luzean Errenteriako ontziak behetik gora egin du bigarren postua eskuratuz; Zumaiak, aldiz, beherakada nabarmena izan.

Azken metroetan, aldiz, Astilleroz gain, beste hiru ontziak pega-pega eginda joan dira helmugaraino. Telebistako zuzeneko irudiek ez dute argi utzi nor geratu den bigarren, baina foto-finishean argi ikusi da, oso gutxigatik, puntuen falta ere behar duen Donostiarra izan dela bigarren. Hibaikak hirugarren amaitu du eta Zumaiak, laugarren. Hiru hauek oso ehun gutxiren barruan helmugaratu dira.

Euskotren Liga - IX Petronor Bandera:

1.Arraun Lagunak    10:45.10        
2.Orio      10:50.82
3.Astillero      10:59.56
4.Tolosaldea      11:01.68
5.Donostiarra      11:03.92
6.Hibaika      11:04.04
7.Zumaia      11:04.34
8.Hondarribia     11:04.38

Euskotren Liga - Sailkapen Nagusia:

1.Arraun Lagunak    30 puntu        
2.Orio      28 p.
3.Tolosaldea      24 p.
4.Zumaia      16 p.
5.Hibaika      15 p.
6.Astillero      13 p.
7.Donostiarra      9 p.
8.Hondarribia      9 p.