Erupzioen kontra
Australia ekialdean, Sydney eta Gold Coast artean dagoen Wooli herrixkako kaleak “Wanted Darcy” goiburua zuten kartelekin bete ziren, eta sare sozialetan Darcyren aurpegia zabaldu zen. Herritarrak hondartzara abiatu ziren haren bila, dronea eta hegazkina airean, eta surflariak itsasoan. Goizean itsasoratu eta arratsean oraindik etxeratu ez zen 19 urteko surflariaren bila zebiltzan. Biharamunean aurkitu zuten gaztea, North Solitary uhartean, kostatik 13 kilometrora. Korronteek bultzatu omen zuten haraino.
Mundu guztiko albistegietan oihartzuna izan zuen aferak eta gau bat etxetik kanpora pasatu zuen gaztea heroi bilakatu zen. «Biziraule bat da, mutiko indartsua», zioten gertukoek. «Ez nuen esperantza galdu, baina galtzeko zorian izan nintzen», aitortu zuen bere aitak.
Bitartean, adin bereko israeldarrak egunero dozenaka haur hiltzen ari dira Gazan, eta ehunka dira etxetik kanpora gau luzeak bakarrik pasatzen dituzten Darcyren adineko palestinarrak. Gainera, orain itsasoratzea ere debekatu diete.
Irakurleak esango du, «ernegatua burutik dago, Australiako surflari batekin hasi eta Palestinan amaitu du». Posible da, burua galtzen ari naiz, “The Big Lebowsky” filmeko Walterrek guztia Vietnamgo gerrarekin lotzen zuen modu berean, Gazako genozidio madarikatua hasi zenetik guztiak han gertatzen denarekin lotura zuzena duela iruditzen baitzait.
Ez dute berdin pentsatuko CAFeko langileek eta haien senideek. Beasaingo enpresa Palestinako okupazio ilegalaren kontura aberasten ari dela seinalatu du NBEk, baina isiltasunarekin hiltzen duenak eskuak garbi ditu. «Memoria selektiboa» edo antzeko zerbait deitzen zaio. Nork bere interesen arabera jartzen du fokua, komeni zaion lekuan, inguruan gertatzen denari jaramonik egin gabe.
Antzeko zerbait gertatu zait Darcyren istorioa irakurri dudanean. Agian, ongi amaitu zelako, edo oso urruneko kontua delako, edo egungo albiste bortitzek gero eta bihozgabeago bilakatu nautelako, baina kontua da artikulua irakurri nuenean haren aitak eta lagunek lorik egin gabe pasa zuten gau txarrak baino zirrara handiagoa eragin zidala artikuluan agertzen zen hitz bitxi batek. Antza denez, ur-jantziaren urraduretatik edo eguzkiaren erreduretatik babesteko surflariek erabili ohi dugun likrari «erupzioen kontrako elastikoa» deitzen diote australiarrek. Eta guztiak Gazarekin lotura zuzena duenez, alergia eragiten duen errealitatea begiratzeko moduan ere, «erupzioen kontrako betaurrekoak» nagusitu direla otutzen zait.

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
‘Gutun bat Kottori’: «Gazteoi dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea»

A prisión el detenido tras el crimen machista de Barakaldo, por homicidio y agresión sexual
Buscan a una joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

