NAIZ

Kitxuaz idatzitako Master Amaierako Lan bat aitortu du lehen aldiz EHUk

Maria del Cielo Galindo boliviarrak bere Master Amaierako Lana (MAL) aurkeztu zuen ekainaren 26an, kitxuaz eta gaztelaniaz idatzita. Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) hizkuntza indigena horretan idatzi eta aurkeztu den lehen MALa da.

Maria del Cielo Galindo boliviarrak kitxuaz egin zuen bere Master Amaierako Lana.
Maria del Cielo Galindo boliviarrak kitxuaz egin zuen bere Master Amaierako Lana. (EHU)

EHUk, lehen aldiz, kitxuaz idatzitako Master Amaierako Lan (MAL) bat aitortu du akademikoki. Maria del Cielo Galindoren lanak Boliviako emakume indigena meatzarien jardun politikoa eta kultura erresistentzia aztertzen ditu, ikuspegi dekolonial eta kolektibo batetik, ‘Participación política de la mujer indígena y minera desde el feminismo comunitario en el cono sur de Cochabamba-Bolivia’ izenpean. 

Maria del Cielo Galindo Zientzia Politiko eta Nazioarteko Harremanetan lizentziatua da, Bolivian. Lehen aldiz bere jatorrizko herrialdean Gradu Amaierako Lana kitxuaz aurkezten saiatu zen, baina epaimahaiak proposamena ezeztatu zion, hizkuntza ez zekiela argudiatuta. EHUn Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterra ikasi du eta bere Master Amaierako Lanaren tutoreak, Izaro Gorostidik, lana kitxuaz idaztea eta aurkeztea proposatu zion. Galindok azpimarratu duenez, «masterra hasi nuenean, argi neukan nire hizkuntza espazio akademikoetara eraman nahi nuela, eta ezin dela herri indigenen borroka, memoria edo pentsamendua ulertu haien hizkuntza ulertu, ezagutu eta errespetatu gabe».

Jatorriz kitxuaz idatzi zuen ia lan guztia eta ondoren itzulpen prozesuan bere anaiaren laguntza baliatu zuen, gaztelaniaz egiteko. Aurkezpen egunean, bere kasa egin zuen aldibereko itzulpena. Galindoren hitzetan, «esperientzia atsegina izan zela uste dut, batez ere nire tutorearen, ikaskideen eta irakasleen babesa izan nuelako. Denek ulertu zuten ez nengoela bakarrik: nire arbasoekin nentorren, eta une hori errespetatzea eta babestea asko eskertu nuen». 

Haurtzaroan bizitako hizkuntza esperientziak funtsezkoak izan dira Galindorentzat: «Kitxua nire ama hizkuntza da, nire amaren, amonaren eta nire arbaso guztiena; Boliviako emakume indigena askorena bezala». 

Hizkuntza: identitatea eta borroka

Mari del Cielo Galindorentzat kitxua ez da komunikazio tresna hutsa, identitatearen eta erresistentziaren erroa baizik: kitxuera akademiara eramatea eta emakume indigenen borroka ikusgai egitea ditu helburu nagusi, komunitate indigenen ahotsa berreskuratuz. «Kitxuera hitz eginez, gure identitatea berresten dugu eta, aldi berean, patriarkatuaren eta kolonialismoaren egiturak desafiatzen ditugu, beti saiatu baitira gu ikusezin bihurtzen», dio Galindok.  

Etorkizunera begira firme adierazi da bere ikerketa ibilbideari jarraipena eman nahi diola adieraziz, «gustatuko litzaidake nire lana beste komunitate indigena batzuekin jarraitzea eta ikuspegi konparatibo bat ematea nazioarte mailan», gehitu du. Egun, beka eta finantzaketa bila dabil Galindo; izan ere, Masterra Carolina Fundazioaren laguntzari esker egin ahal izan du.