NAIZ

«Zubiak eraikitzeko bidea» berretsi du Sarek abuztuko azken ostiralean

Ehunka lagunek bat egin zuten presoak etxeratzeko aldarriarekin abuztuko azken ostirala dela-eta egindako elkarretaratze eta manifestazioetan. Uda bukatutzat emanda, Sarek eta Etxeratek «gogotsu» ekingo diote ikasturte berriari, eta «zubiak eraikitzeko» momentua dela aldarrikatu dute.

Abuztuko azken ostirala Gasteizen.
Abuztuko azken ostirala Gasteizen. (Raul BOGAJO | FOKU)

Preso, iheslari eta deportatuek oraindik ere pairatzen duten salbuespen egoera gainditzeko baldintzak egon daudela nabarmendu da Euskal Herri luze eta zabalean zehar abuztuko azken ostirala dela-eta egindako elkarretaratze eta manifestazioetan. 

Udan zehar, urtero egin ohi duten moduan, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko aldarriekin busti dituzte euskal herriko hamaika txoko Sarek eta Etxeratek. Herrietako zein hirietako jaietan ere, konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren beharra aldarrikatu eta «etxera» errebindikazioa protagonista izan da enegarren aldiz.

Aurtengoan ere, nabarmena izan da zenbait arduradun politikok, alderdik eta taldek Sareren eta Etxeraten lanarekiko eta errebindikazioekiko erakutsi duten jarrera eta kriminalizazio nahia. Gasteizko Ama Zuriaren jaietan izan zen polemika handiena, Buesa Fundazioak euskal presoen egoera salatzen zuten kartelak eta pankartak ezabatzeko kanpaina abiatu zuenean eta Gasteizko Udalak afixak egunero kentzeko agindu zionean udaltzaingoari. Hala ere, ez zuten lortu aldarriak berriro ez agertzea.

Sarek gogorarazi zuen bere eskaerak demokratikoak direla. «legezkoa eta zilegia den aldarrikapena kriminalizatzea da, eta aldarrikapen honek ez du inoiz kaltetu, biolentzia ezberdinen biktimei momentuoro adierazi izan diegun etengabeko elkartasuna», argudiatu zuen.

Azken ostiraleko elkarretaratzetan Sarek berdina aldarrikatu du, eta bere lanean berretsi da: «Ez gaituzte inondik inora ere gure lanean etengo. Sarek lanean daramatzan 11 urte hauetan izan dira errebindikazio horiek gure funtzionamenduaren ardatz eta aurrerantzean ere hala izaten jarraituko dute».

Kurtso berriari begira

Abuztuaren amaierara iritsita, ikasturte berriari ekiteko gogotsu dira Sare eta Etxerat: «Amaiera eman diogu Euskal Herritarron gehiengoak udako oporraldiari. Zenbait lantegik egingo duten moduan, Sare Herritarreko kideok ere prest gaude kurtso berriari hasiera emateko».

«Zubiak eraikitzeko» momentua dela aldarrikatu dute, «eta ez ondokoaren mina gutxietxi edo lehen eta bigarren mailako biktimak izendatzekoa». «Elkarren sufrimenduak aitortu eta oraindik indarrean jarraitzen duten sufrimenduekin amaitzeko momentua da», gehitu dute.

Hortik abiatuta, «elkarbizitzaren agertokietara» jauzi egitea «ahalbideratuko digun konponbidea» eskatzen jarraituko dutela ziurtatu dute.

«Bake justu eta iraunkor bat eskuratzeko bidean, biktima guztiak aitortu, errekonozitu eta erreparatzearekin batera, euskal preso, iheslari eta deportatuen auziari behin betiko konponbidea ematea izango dira elkarbizitzarako bidea urratzeko beharrezkoak izango zaizkigunak. Gu, zubiak eraikitzeko bide horretan berresten gara», adierazi dute.

Gogo eta konbentzimendu horrekin emango diote hasiera kurtso berriari eta, aurrean dituzten erronkak «mardulak» badirela aitortu arren, «konpromisoz» abordatuko dituzte Urtarrilera bitarte antolatuko dituzten ekimenak.