Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Vuelta igarotzean zein udaletxeetan ostiralean elkartasunerako deia egin du Gernika-Palestinak

Gernika-Palestina ekimenak mobilizatzeko deia egin du Vuelta Euskal Herritik igarotzen ari den honetan. Asteazkenean Bilbon etapa amaieran agerraldia egingo dute, Palestinari elkartasuna adierazteko, baita ibilbidearen beste puntu batzuetan ere. Halaber, ostiralean udaletxeen aurrean elkartuko dira.

Eneko Gerrikabeitia eta Ibon Meñika, Maitane Azurmendiren obrak eskuetan dituztela.
Eneko Gerrikabeitia eta Ibon Meñika, Maitane Azurmendiren obrak eskuetan dituztela. (Oskar MATXIN | FOKU)

Asteartea eta asteazkenean Vuelta Euskal Herritik igarotzen ari dela eta, Palestinarekiko elkartasuna agertzeko hainbat deialdi egin ditu Gernika-Palestina Herri Ekimenak.

Asteazken honetan txirrindularitza lasterketaren etapa bat Bilbon hasi eta bukatu behar dela baliatuta, 16.00etan hitzordua egin dute ibilbidearen amaieran, Palestinako ikurrekin mobilizatzeko. Egunean zehar hainbat herritan egin dituzte deialdiak, Vuelta bertatik pasatzen den unean elkartasun adierazpenak egiteko. Izan ere, Israelgo Premier Tech taldea ari da lasterketan parte hartzen. Deialdien berri emateko agerraldia egin dute Bilbon Eneko Gerrikabeitia eta Ibon Meñika Gernika-Palestina Herri Ekimeneko kideak.

Gazako egoeraren irakurketa egin du Gerrikabeitiak ekimenaren izenean. Besteak beste, azpimarratu du genozidioaren biktima nabarmenak izaten ari direla medikuak, umeak eta baita kazetariak ere, Israelek lekukorik nahi ez duenaren adierazle. Halaber, nabarmendu du gosetea lur emankorraren metro gutxira ari dela ematen eta Israelgo armada eta kolonoak nekazarien uztak izorratzen ari direla.

Era berean, «paradoxatzat» jo du jendartea erakusten ari den jarreraren aurrean instituzioak eta gobernuak Israel isolatzeko neurririk hartzea eta presioa egiten jarraizeko deia zabaldu du Gerrikabeitiak.

Ildo beretik mintzatu da Meñika, azpimarratuta ez dutela amore emateko inolako asmorik. Gogora ekarri du israeldar Estatua isolatu beharrean, harremanak mantentzea izaten ari dela joera, baita armak saltzen jarraitzea ere. Testuinguru horretan, Vuelta protesta egiteko baliatzearen garrantzian egin du azpimarra.

Yala Nafarroak egindako mobilizazioekin bat egin eta antzeko protestak egiten jarraitzeko deia luzatu du. Izan ere, Premier Tech talde israeldarraren parte hartzea dela eta Vuelta igaro behar den tokietatik palestinar ikurrak kentzen ari dira. Gainera, Javier Guillén Vueltako zuzendariak egindako adierazpenen harira, argi utzi nahi izan du desobedientzia zibila ez dela indarkeria eta erantzukizuna eta «ausardia» eskatu die lasterketaren antolatzaileei, «estatu genozida baten enbaxadore gisa aurkeztu den» taldeari parte hartzea ahalbidetzeagatik.

Vuelta igaro bitartean ez ezik, ostiralean, hots, irailaren 5ean ere egingo dituzte mobilizazioak. Udaletxeen aurrean elkartuko dira burrunba egiteko, agintariei galdegiteko esku hartu dezatela eta euskal jendartearen nahiari jaramon egin diezaiotela.