Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Entrevista
Marta Lopez de Guereñu
Eibarko jokalaria

«Pazientzia dut eta lanean zentratzen naiz, horrela heltzen baitira gauzak»

16 urte besterik ez zituela debutatu zuen Eibarrekin, baina bide luzea ibili behar izan du lehen talde gorri-urdinera heltzeko. Hirugarren saiakeran, Marta Lopez de Guereñuren (Eibar, 2003) urratsa irmoa izaten ari da. Jokalari eibartarra titular izan da Ligako lehen hiru jardunaldietan. 

Marta Lopez de Guereñu, Eibarko jokalaria.
Marta Lopez de Guereñu, Eibarko jokalaria. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Elitera iritsi zenetik, Eibarren gizonezkoen lehen taldean bezain zaila da emakumezkoen  taldean jokalari eibartarrak aurkitzea. Ez da, beraz, harritzekoa zaleen txaloak areagotzea Ipuruan Marta Lopez de Guereñuren izena titularren artean abesten denean. Eta salbuespena ohitura bilakatzen ari da, hasieratik jokatu baitu gazteak izan diren hiru jardunaldietan.

Taldeko eibartar bakarra izateak erantzukizuna handitzen du? Edo Lehen mailan jokatzeak sortzen duenarekin nahikoa da?

Zer edo zer badago. Ilusioa batez ere, baina betidanik sentimendu hori eduki duzunez, familia eta lagunak hor dituzu, zaleek ere gehiago babesten zaituzte, zuk ere badakizu bakarra zarela... azkenean erantzukizun hori ere sentitzen duzu.

Asko sentitzen ariko zara. Hiru partida, hiruretan titular. Espero zenuen?

Ez. Banekien lehen taldearekin entrenatuko nintzela, baina hortik jokatzera eta, gainera, titularra eta, gainera, jarraitu... Lehena jokatu nuenean pentsatu nuen “bueno, ez naiz gaizki ibili”, eta gainera gogo handiz egiten duzu lan zure maila mantentzeko eta hobetzeko. Baina, hala ere, sorpresa bat izan da hiru partidetan.

Nola sentitzen ari zara? Kanpotik progresio bat ikusten zaizu. Batez ere azken partidan ikusi zintugun ausartago, lotsagabeago...

Pixkanaka banoa. Maila oso exijentea da, moldatu behar zara, zure zalantzak dauzkazu... Jokatzeak eta ondo sentitzeak konfiantza ematen dizu eta, nahiz eta argi eduki gauza asko hobetu behar dituzula, astez aste konfiantza handiagoarekin sentitzen zara. Gainera, alde batetik, entrenatzaileak zelaiaren hirugarren zati horretara heltzea eskatzen digu eta ni ere filialarekin oso ohituta nago igotzen; izan ere, iaz alboko bezala bakarrik ez eta hegaleko bezala ere jokatu nuen, asko heltzen. Gustukoa dut baina, badakizu, hasieran dena pixkat bat kontrolatuta eduki nahi duzu eta gero gainontzeko guztia.

16 urterekin egin zenuen debuta lehen taldearekin, Bigarren Mailan zegoela. Gero filialera itzuli zinen, hiru aldiz utzita joan zinen, eta iaz Lehen Mailan debutatu zenuen. Eta orain hasieratik titular. Ia esan dezakegu hiru aldiz debutatu duzula.

Bai. Eta denak izan dira politak eta bereziak. Bat aukeratzekotan, lehena aukeratuko nuke, azkenean hori izan baitzen debut ofiziala. Baina iazkoa ere polita izan zen, Lehen Mailan, Ipuruan; gainera, hurrengo partida Bartzelonaren kontra jokatu nuen hasieratik... Eta orain ere desberdina izaten ari da eta oso pozik nago.

Baina oraindik filialaren fitxarekin. Ea noiz iristen den “laugarren debut” hori.

Ea ba. Iristen denean iritsiko da. Nire lehen helburua lan asko egitea da, eta jokatzen badut, ahalik eta ondoen egiten saiatzea eta taldeari ahalik eta gehien laguntzea. Eta horrek zer edo zer ekarri behar badu, ekarriko du. Oinak lurrean ditut eta lanean zentratzen naiz, lan egiten lortzen baitira gauzak. Ez dut pentsazen zer izan daitekeen... Pazientzia dut.

Agian bide luzea egin behar izan duzulako honaino iristeko, 22 urte besterik ez izan arren? Esan dugu oso gazte debutatu zenuela, baina ondoren hiru lagatze etorri dira, filiala... Bidea luzea eta gogorra izan dela esango nuke.

Bai, luzea baino, gogorra izan da, batez ere zesioengatik. Azkenean etxetik irtetea kosta egiten da; gainera, ez ziren urte osoak izan, ez nituen minutu asko eduki ere, ikasketekin moldatu behar zara...

Denborarekin ikuspuntua aldatzen da? Esperientzia horiek gogortzat baino, lagungarritzat har daitezke?

Bai, zalantzarik gabe. Bizi behar izan ditut puntu honetara heltzeko. Esperientziek beti laguntzen zaituzte. Zelaian, aldagelan, partidetan... Eta ez bakarrik kirol mailan, azken finean bizi esperientziak dira eta horiek baliatzen jakin behar duzu maila guztietan ikasteko.

Granadan ere jokatu zenuen utzita. Larunbateko aurkaria.

Bai, berezia egingo zait, gauza asko bizi izan nituelako bertan. Eszenatoki polita eta oraindik badaude nire taldekide izandako batzuk. Konplikatua ere izango da, talde oso ona baita eta denboraldi hasiera ona egiten ari baitira.

Eibar nola helduko da?

Ondo gabiltzala uste dut. Oraindik ez dugu irabazi, hori ezin da ukatu, baina lana oso ona izaten ari da, emaitzak ez heldu arren zelaian ere ikusten ari dela uste dut eta, horrela jarraituz gero, puntuak, lehen garaipena, gertu daude.

Puntu bakarra izan zen igandekoa, baina lehenbizikoa da. Eta, gainera, jaitsiera postuetatik irteteko balio izan du. Nabaritu da asteko lanean?

Bai, nabaritu da. Gainera, taldea hobeto aritu zen joko aldetik ere eta guzti hori nabaritu da, alaiago ibili gara. Baina aldi berean pixka bat amorratuta gaude irabazteko. Bi gauza horiek nabaritu behar dira zelairatzen garenean, hiru puntuak lortzeko lana, konfiantza eta amorrua dauzkagula.

Lehenbiziko gola sartu beharko duzue horretarako. Antsietatea sumatzen da?

Ez nuke esango. Ez dago obsesiorik, baina bai, behar eta tentsio hori badaukagu. Baina lana ona izaten ari da eta emaitzak ekarriko dizkigu. Granadara lehen golak eta lehen garaipena lortzeko asmoarekin eta ilusio guztiarekin goaz.