
1991. urtean Mendieta ontziolan eraikitako azken ontzia da ‘Nuestra Señora de Lindes’ eta orain Lekeitiora, bere jatorrizko portura, itzuliko da lau urtez baxurako arrantzan aritu ondoren. Ontzia San Vicente de la Barqueratik irten da astelehenez goizaldean, eta gau osoan nabigatu ondoren, Lekeitiora iritsiko da 14.00etan inguruan.
Bustamante Cortabitarte familiak ontzia Bilboko Itsasmuseum-i eman dio, Bizkaiko itsas kultura berreskuratu, babestu eta transmititzeko lan egiten duen museoa baita. Museoak, besteak beste, gure kostaldeko herri arrantzaleetan, hala nola Lekeition, garatzen du bere jarduera.
Euskal Herrian egurrez eraikitako azken ontzietako bat da hau, eta horregatik, gure itsas ondare kulturalaren pieza esanguratsua da. 16 metroko eslora, 4,30 metroko zabalera, 2 metroko puntala eta 25 tonako gaitasuna ditu, museotik argitu dutenez.
Ontzia Lekeitiora iritsiko da eguerdian. Han ‘Kulixka’ yatea izango du zain, porturako sarreran laguntzeko. Lehorreratu ondoren, gainaldeko zenbait elementu kenduko zaizkio –zubiaren egitura, aparejuak eta espardela, besteak beste–, Mendietan botatako egurrezko kaskoa bere jatorrizko itxuran uzteko.
Ondoren, berritutako Mendieta Ontziolako karroan jarriko da, Lea ibaiaren inguruko ontzigintzaren interpretazio hobea eskaintzeko. Izan ere, ibai hori gure kostaldeko arrantzaleen eta erriberako arotzen jardunaren gune nagusietako bat izan da mendeetan zehar.
Proiektua Itsasmuseum, Lekeitioko Udala, Bizkaiko Aldundia eta Lakuako Portuak eta Itsas Gaiak Zuzendaritzaren arteko elkarlanaren emaitza da. Halaber, parte hartu dute Isuntza Arraun Elkarteak (‘Kulixka’-ren jabea), Juan Antonio Apraiz Zallok (Bizkaiko itsas kulturaren aditu eta ekimen honen sustatzaileak) eta Bilboko Itsas Kapitaina, Patxi Garcia Lascurainek.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Llaman a celebrar el 7 de febrero en Gernika la victoria popular frente al Guggenheim Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek
