
Nafarroa Oinez jaialdia izan da Nafarroako Ikastolen Elkarteak asteazken honetan antolatu duen prentsaurrekoaren ardatz nagusia. Iragan urrian ospatutako edizioaren emaitzen inguruko ondorioen berri eman eta deialdia hurrengo urterako hasi berri diren prestakuntza planak aurkezteko ere baliatu dute.
Iñaki Erroz Paz de Zigandako zuzendari pedagogikoa izan da hitza hartzen lehena. Pasa den urriaren 19an ospatutako jaialdiarekin pozik agertu da eta laburbildu duenez, helburuak lortu dira istilurik eta istripurik gabe eta giro apartarekin. Errozek zenbait kontu nabarmendu nahi izan ditu, gaztediaren «aisialdi sanoa» eta antolakuntzaren «jasangarritasuna», besteak beste. Aurtengo Oinez bereziki garbia eta txukuna izan dela adierazi du.
2025eko Oinezera hurbildu ziren euskaldun eta euskaltzale orori esker onak eman nahi izan dizkie. Era berean, eskerrak eman dizkie urte osoan zehar prestakuntzan parte hartu zuten erakunde, talde eta eragile guztiei, erakutsitako ekarpena, konpromisoa eta laguntzarengatik.
Atarrabia eta Burlata tartean ospatutako jaialdiaren emaitza ekonomikoen informazio zehatza oraindik ez dela ezagutzen akinarazi du zuzendariak eta hori kalkulatzeko zenbait hilabete beharko direla azaldu. Hala ere, egun hartan izandako jarduera eta ekitaldiak arrakastatsuak izan zirela ziurtatu du.
Oinez ‘26
Oinez ‘26 jai «berezia eta erraldoia» izango dela ziurtatu dute Garbiñe Zulaika Vianako Erentzun ikastolako zuzendariak, eta Eider Sagastibeltza Zizur Txikiko San Fermin ikastolako lehendakariordeak. Izan ere, bi ikastola horiek batuko dira eta elkarlanean antolatuko dute jaialdia. Zizur Nagusia eta Galar artean ospatuko da 2026ko urriaren 18an.
Zulaikak azaldu duenez, bi ikastolek tamaina eta errealitate oso ezberdinak izan arren, helburu berbera daukate: Nafarroan euskararen berreskurapen eta normalizazio prozesuan aurrera egitea. Erronka kolektibo hau irudikatu nahi izan dute hurrengo Oinezerako hautatutako leloaren bidez: ‘Bidean Bat Gara’. Horrela, elkarlanaren garrantziari indarra eman nahi izan diote.
Logotipoaren esanahia
«Euskararen etorkizunari itxaropenez begiratu nahi diogu nondik gatozen ahaztu gabe», adierazi du Sagastibeltzak. Ideia hau irudikatzeko hurrengo urterako hautatu duten logotipoa baliatu dute Oinez hitzaren ‘e’ letra Irulegiko Eskuaren formarekin ordezkatuz. San Fermin ikastolako lehendakariordeak azaldu duenez, «diseinuak bidea ireki zutenen ondarea eta herentzia historikoa gogora ekarri nahi du». Era berean, eskua elkartasunaren eta landiketzaren ikurra bezala ikusten dute.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

PNV ganaría en Bizkaia mientras EH Bildu es la fuerza emergente, según un sondeo foral

Ertzainas acusan a los antifascistas del 12-O de usar «tácticas militares» en Gasteiz

Josu Jon Imaz agradece a Trump que «abra las puertas a una mejor Venezuela»

