
«Kultura euskaraz eta profesionalki egitea erabaki duten sortzaileei gure komunitateak zenbateraino eutsi ahal dion, eutsi nahi ahal dion, hori da auzia. Auzi hori politikoa da eta ez dakit politikariek sentitzen ote duten kultura ezinbesteko elikagaia dela gizartearentzat. Ez dakit, benetan. Batzuk bai, beste batzuk ez, baina ez dakit zergatik ez dituzten beste neurri batzuk hartzen, jakinez arlo horrek zailtasun ikaragarria duela irauteko eta bizitzeko. Bizi osoan hori besterik egin ez duten profesional jendea gosez hiltzen ari eta nola konpondu hori?» galdera luzatu du Kepa Akixo ‘Zigor’-ek Euskararen Langile Profesionalen Elkartearen liburuan.
«Horixe da galdera», nabarmendu du Amagoia Gurrutxaga Lanartearen koordinatzaileak. Ondoan izan ditu ‘Kultura eta ezkultura, 16 lekuko eskarmentuko’ liburuaren aurkezpenean Koldo Izagirre idazlea eta elkartearen sortzaileetako bat, eta Dani Fano komikilaria, irudigilea eta liburuan bere testigantza eman duenetako bat.
Zigorrekin batera luzea eta anitza da argitalpenean lehenengo pertsonan euren bizipenak kontatu dituzten sortzaileen zerrenda: Xabier Amuriza, Yolanda Arrieta, Klara Badiola, Itxaro Borda, Mixel Ducau, Andoni Egaña, Dani Fano, Asun Garikano, Edorta Jimenez, Mikel Martinez, Miren Agur Meabe, Xabier Olarra, Joseba Tapia, Mikel Theret eta Arantxa Urretabizkaia.
«Idazle, dantzari, bertsolari, musikari, itzultzaile, komikilari, aktore, artista plastiko, disziplina asko, bizipen gehiago, ekosistema honetan loratutako espezie bereko 16 espezimen. Eskerrak eman nahi dizkiegu denei biluzketarako prestatzeagatik, zenbaitetan deserosoak zitzaizkien galderak erantzuteagatik, diruaz hitz egiteko tabua hausteagatik, adibidez», esan du Gurrutxagak.
Hamasei lekukotza. Hamasei striptease. Hauek dira irakurleak liburuan aurkituko dituen esaldietako batzuk: «Basko euskaldunen eta basko erdaldunen portzentaia handi batek ‘gora euskara’ edo ‘biba euskara’ entzunda, txaloak jotzen ditu, baina ez dauka euskaldun bihurtzeko asmorik» (Xabier Amuriza); «Bizitza erdi baino gehiago honetan ibili arren, euskal kultura ez du –oraingoz– asmatu sortzaile beteranoak babesteko inolako klausularik» (Yolanda Arrieta); «Gure bizimodua oso zaila da. Depresioak eta gorabehera mentalak, fisikoez gain, ohikoak dira gure mundu honetan» (Klara Badiola); «Azken hamarkadetan kultur, euskara eta beste teknikarien profesionalizazioa finkatu da erakundeetatik, baina sortzaile eta artistena ez» (Itxaro Borda); «Artista intermitente estatusa hobetu behar litzateke, eta arriskuan dago. Behin baino gehiagotan apurtu nahi izan dute, eta ultra indarrek Frantzian hartu duten tokiarekin, kinka larrian egon daiteke» (Mixel Ducau). «Balio sinbolikoa erabatekoa ematen zaio artistari, baina balio hori maila ekonomikora ez da jaisten» (Andoni Egaña); «Merkatua ez da autoerregulatzen. Hori ere gezur galanta da. Merkatuaren izenean programatzen du EiTBk, eta ikusi besterik ez dago zer opa digun lege horrek euskaldunoi eta euskarazko kulturari» (Dani Fano); «Artistarena ez da bizimodu bohemioa, miseria baizik, orain, eufemismo batez ‘prekarietatea’ esaten bazaio ere» (Asun Garikano); «Gu barru-kolonizatuak gara, eta buru-kolonizatuak. Ze kolonizatuaren ezaugarri nagusia da, hasteko, bere hizkuntzak ez duela baliorik sinestea« (Edorta Jimenez); «Komertzialtasuna irizpide pisutsu bat da obra subentzionatzeko, laguntzeko edo zirkuitu zabal batean sartzeko apustua egiterakoan ere» (Mikel Martinez).
«Gaur astebete, Bernardo Atxaga idazleak striptease fiskala egin zigun Euskal Artisten II. Mintegian. Han jakin genuen 401 euroko pentsioa dagokiola jubilazio aktiboan egonda, eta jubilazio osoan balego 708 eurokoa lukeela pentsioa. Gaur aurkeztera goazen liburu honetan Atxagaren antzeko pentsioa daukan jendea aurkituko duzue, RGI-a kobratzen duenik ere bai, eta inolako estuasun ekonomikorik gabe bizi den besteren bat ere. 1960ko hamarkadako azken urteetan euskarazko kultur munduan murgildu zirenenetatik hasi eta azken 30 urteotan ari direnetaraino 16 striptease dituzu hemen. Striptease fiskala, sentimentala, morala. Bitxia da euskaldunoi sedukzio beharra nabarmentzen digutenean, sedukzio helbururik gabeko biluzte ariketa batekin gatoz», kontatu du.
«Gure kultur sistemaren zimurrak agerian uzteko iazko uda-udazkenean hasi zen liburu hau. Euskal artisten lan eta bizi-baldintzei buruzko lehen inkesta egitekoak ginen eta datu hotzei hezur-haragizko gorputzen bizipenak erantsi nahi genizkien, inkesta horren osagarri. Hala elkarrizketatu genituen liburu honetan aurkituko dituzuen kulturgileak», jarraitu du.
«Eskarmentuak ematen dien talaiatik, gure kultur ekosistemaren azken mende erdi luzeko bilakaera azaltzen dute. Gero eta paper goseago ageri diren administrazioen bilakaera, teknikari eta bitartekari andanaren ugalketa, kulturaren ikuspegi gero eta merkantilistagoa, aspaldi izoztutako tarifak, hastapenetako ametsak eta amesgaiztoak, oraingoak, militantzia, indibidualismoaren hedapena... gauza asko dituzte hizpide», adierazi du Lanarteako koordinatzaileak.
«Egileak, kulturgintzaren motorra, baztertuta»
«Egunotan ikusi dugu egilea sistema guztiaren ipurtzuloan jartzeak zer ondorio izan ditzakeen. Eta geldituko dute 2026ko Angulemako Komiki Azoka, Europan egiten den handiena eta garrantzitsuena. Eta egileek gelditu egingo dute. Geldituko dute nahiz eta guk hemen ditugun baldintzak baino askoz hobeak izan. Angulemako Komiki Azokan argitaletxeek bai lotokia, bai jantokia ziurtatzen dizkie, sinatze saioak ordainduta dira, baina hala ere, festibala kudeatzen ibili diren bi erakundeak –bat erakundea, bestea enpresa–, ez ditu kontuan hartu. Kexu dira, esaten dute errespetu falta, sentsibilidade falta sentitu dutela, eta batez ere presentzia falta. Izan ere, antolakuntzan ez daude. Sistema guztiaren motorra izanik, baztertu ditu. Zer egin dute? Planto. Boikotera deitu dute eta beraien atzetik, argitaletxeek», esanez hasi du bere hitzartzea Fanok.
«Orain, erakunde publikoek esku hartu dute, hainbat buru moztu dituzte eta esan dute 2028tik aurrera antolakuntzan egongo den erakundea beste elkarte bat izango dela, eta argitaletxeek eta egileek partehartuko dutela aktiboki».
«Gure kasuan, orain Durangoko Azoka datorrela, pentsa, han liburu meta pilo handi baten gainean sinatzen, bokata bat jaten zure kontura, bidaia ordaindu gabe, lotokirik izan gabe. Eta noski, sinatze saioak gure denboratik eta gure patrikatik aterata. Peajeak, gasolindegiak, jatetxeak, hotela... Ondasun horren zati bat noiz etorriko da guregana? Guretzat Durango gastua besterik ez da. Ez da gutxi jasotzen dugula. Ez, ez, gastu ikaragarria da; eta hori ez da justua», esan du.
Beste adibide bat eman du. «Duela gutxi jakin dut hiri honetan, adibidez, egiten diren Komiki Jardunaldi batzuk, non egileak joaten ziren euren lana aurkeztera, aurkezle batekin. Murriztu dute egileen presentzia ez delako errentagarria. Jende gutxi joaten omen da. Orduan, jarraituko dute jardunaldiak eta aurkezpenak egiten, baina egilerik gabe. Ez daude 200-300 euro pagatzeko egileari. Hori erabaki duten kultur teknikariak soldatapekoak dira eta hortaz bizi dira. Aurkezpenak egiten dituenari ordaintzen diote. Ezabatu dute hain zuzen egitasmo guzti horren motorra dena, egilea. Eta horrela bizi gara».
«Bokaziozko lanbideak, misioa»
«Bokaziozko lanbideek misio bat suposatzen dute. Langile artistikoa gizarteari zerbitzua egiteko dago. Dena eman behar du komunitatearen onerako eta irabazi asmorik gabe. Izan ere, misioa gizarteak ematen dion kapital sinbolikoaren truke delako. Jarduera artistikoa orohar indibidualtasunaren eta subjektibotasunaren eremu pribilegiatutzat hartzen da» Izagirreren esanetan.
«Araurik eza da kapital sinbolikoa ematen diona artistaren izenari, baina ez bere obrari. Eta artistak ezin du bizi sinbolismotik. Bokaziozko lanbideak berezi samarrak izaten dira –esan du jarraian–. Herrialde garatuetako estatistika guztiek berresten dute gaur egun artistak gehien-gehienetan ez direla bizitzen ahal bere lanetik. Eta hala ere, estatistika guztiek berresten dute herrialde garatu horietan etengabe hazten ari dela artisten kopurua».

La Fiscalía archiva la denuncia contra el acceso al chalet de Xabi Alonso en Igeldo

Una testigo confirma que Amaya Zabarte recibió una patada de la Ertzaintza

Imputan a tres concejales del PNV de Getxo y tres técnicos por el derribo del palacete

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da

