
Espainiako Konstituzioaren egunean, manifestazioa egin du Durangon EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozioalistak, ‘Sozialismoa eta autodeterminazioa. Langileok haustura politikoa’ lelopean.
Landako Gunetik abiatu den mobilizazioaren amaierako hitzartzean, Garazi Navarro bozeramaileak salatu du trantsizio deitu zuten horrek ez zuela frankismoarekiko «erabateko hausturarik» ekarri eta «jarraipen erregimen bat» sortu zutela.
«78an Espainiako estatua ohiko erregimen kapitalistekin berdindu zen, berrogeita hamar urtez diktadura faxista batean egon ostean. Gauetik egunera dena aldatu balitz bezala», esan du Navarrok.
«Arrisku berritu» bat ere aipatu du: «Estatuen bilakaera autoritarioa eta faxismoaren gorakada ari gara bizitzen. Eskuinaren partetik frankismoari aurpegi zuriketa egitea geroz eta ohikoagoa bilakatu da».
EHKSren aburuz, 78ko erregimena «faxismoari ateak irekitzen» ari zaio «beste behin ere», nazioarteko testuinguruak lagunduta. «Ezker instituzionalari» eskubide urraketa horretan «sakontzea» leporatu diote.
Bozeramaileak gaineratu duenez, hori guztia gertatu bitartean «langile klasearen bizi baldintzak kaskartzen» ari dira: «Lan-egitura egonkorra modu jarraituan suntsitzen ari da, soldata-maila etengabe apaltzen, estatu asistentziala gero eta gehiago murrizten eta, oro har, gizarte-desegituraketa areagotzen ari da».
Testuinguru horretan EAJk hartu duen rola ere salatu dute: «Dagoeneko aukeratu du bideorria bere beherakada elektoralari aurre egiteko: erreakzioaren olatua hartzera bidean dago. Europako eta AEBetako ultraeskuindarrek eraikitako marko bat bereganatzen ari da, eta arazoen errua langile-klaseari egozten dio» .
Horregatik guztiagatik, «Espainiako erregimenarekin eta hura sostengatzen duen kapitalismoarekin haustura» aldarrikatzeko unea dela nabarmendu du EHKS-k.

La Fiscalía archiva la denuncia contra el acceso al chalet de Xabi Alonso en Igeldo

Una testigo confirma que Amaya Zabarte recibió una patada de la Ertzaintza

Imputan a tres concejales del PNV de Getxo y tres técnicos por el derribo del palacete

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da
