
«Jaiotzear dagoen eta gustuko ez dugun mundu berri honetan», Arnaldo Otegi Mondragon Euskal Herria Bilduko idazkari nagusiak «herrien askatasuna, burujabetza, autodeterminazioa eta bakea» bultzatzeko konpromiso irmoa baieztatu du, «gaur eta beti».
Ohiko politikatik «zarata asko, lokatza, askotan irainak» jasotzen dituztela adierazi du. Baina, horren aitzinean, Euskal Herriari buruz mintzatzea eta beren proposamenak defendatzea da beren aukera. Kontatu duenez, dituzten harremanetan, sareetan, ohiko politikatik harago, laudorioak ere jasotzen dituzte. Bere garaian, Espainiako Kongresuan, presidenteordeak erran zuen EH Bilduk bai erraten bazuen bai zela eta ez erraten zuenean ez.
Azkenaldian, bertze bi lore jaso dituzte, pribatuan bada ere. Bata, ezkerraren barnean «espazio lasai, anitz eta arduratsua» dela EH Bildu. Bertzea, ezker bakarretakoa dela Europan ikuspegi estrategikoa duena eta epe luzera begiratzen duena. «Printzipio eta balore horietatik etorri gara etorri garen momentura; hori da EH Bildu, anitza, lasaitasuna mantentzen duena, herria erdian eta begirada luzearekin», laburbildu du Otegik koalizio subiranistaren Batzar Nagusian, Bilboko Bizkaia Aretoan.
Hortik, azken batzar nazionalean, beren proiektu nazional askatzailea erdian jartzea erabaki zuten. «Erdigunea ez delako sigla bat; Euskal Herria da, euskal herritarren gehiengo sozialek dituzten interesei aurre egitea da. Horrela ekarri dugu Euskal Herria ekarri dugun tokira. Balore horretatik, lehenengo herria eta gero alderdia, ekarri dugu EH Bildu Euskal Herriko lehen indar politikoa izatera. Eta horri aurre egingo diogu, ardura eta apaltasun guztiarekin».
Distantzia siderala
Otegiren hitz-hartzearekin abiatu da EH Bilduren Batzar Nagusia, larunbat goiz honetan. Idazkari nagusiak azaldu duenez, proiektu nazionala erdira ekartzeak erran nahi du abiatzen den bidea herriarekin egiten dela. «Koherente izan gara horretan. Elkarrizketa nazional bat martxan jarri genuen joan den irailean, Hego Euskal Herrian. Apaltasun ariketa bat egiten ari gara, gure diagnostikoa partekatzen eta, gehienbat, entzuten: ados dauden ala ez, zer ekarpen egiten dituzten, zeintzuk diren beren kezkak eta erronkak... Oso aberasgarria da, asko ikasten ari gara, gurea ez delako irakaspenak ematea, baizik eta proposamenak egin eta herriari entzutea».
Atera duten lehenbiziko ondorioa honakoa da: «Eliteek planteatu nahi dituzten eztabaida markoak eta jendeak dituen kezka eta erronkak ez dira berdinak. Distantzia siderala dago bien artean. Oso ezberdinak dira herriak dituen elkarrizketa politikoak, kezkak, ardurak, erronkak, eta batzuek eztabaida politiko publikoan kokatu nahi dituztenak».
EH Bilduk argi du bere ardura politikoa kezka horiei herriarekin aurre egitea dela. Herriarekin eztabaidatu, ikasi eta politika publiko alternatiboak planteatzea. Etxebizitza, bizitzaren garestitzea, euskara, burujabetza... Horiek dira herriaren kezkak eta horiei atxikiko die koalizioak bere jarduera.
Afera ez da noiz, baizik eta zer
«Eztabaida politiko jantzia» eskatzen du Euskal Herria Bilduk, «espekulaziotik harago, eztabaida sakona». Espekulatu egiten baita. Adibidez, makina bat aldiz galdetu diete hedabideetara doazenean noiz izanen diren hauteskundeak. Datozen hauteskundeak martxoan izanaen direla erantzun du Otegik; Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan, hain zuzen ere.
Bigarrenik, galdera hori espainiar hauteskundeekin lotzen dela erran du. Baina «afera ez da noiz, baizik eta bakoitzak zer proposatzen dugun». Aitzineko batzarrean proposamen bat egin zuten honen inguruan, eta hori berretsi dute, «herria alderdien gainetik» jartzen dutelako. Hala azaldu du Otegik: «Guretzat espainiar hauteskundeak aukera bat dira Hego Euskal Herriko hauteskunde bilakatzeko, euskal herritarrek beren borondatea adierazteko. Horretarako hautetsontziak beraiek jarriko dizkigute, gainera lurralde zatiketa gaindituko dute, Cortesetik Hondarribiraino. Bi aukera daude: alderdi bezala aritzea edo herri bezala aritzea».
Batzuek diote ezberdintasun handiak dituztela. «Gu sozialistak gara, independentistak gara. Ez ditugu proiektu estrategiko eta politika fiskal berdinak. Baina ezberdintasunean azpimarra jarri beharrean, goazen adostasunean jartzera», proposatu du Otegik. «Bat gatoz Euskal Herria zazpi lurraldez osatzen dela, nazio bat dela, bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea duela, euskara gure hizkuntza nazionala dela, euskaldun guztiok gauden lekuan gaudela Euskal Herri osoan eskubide berak izan behar ditugula... Estatuaren aurrean, guk herri bezala jokatzea nahi dugu eta programa horren atzean milioi bat euskaldun jarri nahi ditugu esateko: ‘Hau da herri honen borondatea’», adierazi du. Txalo zaparrada batekin erantzun diote koalizioko kideek.
Harro eta eskertuta
Egiten ari diren bidearekin «oso harro» agertu da idazkari nagusia. «Ni duela hamar urte hasi nintzen etxe honetan, kartzelatik aterata. Munduaren eboluzioa ikusita, fronte zabal bat eratu behar da gutxieneko programekin. Ez da guk asmatutako formula bat, baina munduari erakutsi diezaiokegu».
Hamar urteren ondoren, eskerrak eman dizkie hori posible egin duten guztiei, «herrien interesak bakoitzaren interesen gainetik jarriz eredugarri izateko gai» izan direlako, «espazio hau lasaitasun espazio bilakatu» dutelako, «ikuspegi luzekoa». Nabarmendu duenez, hori da EH Bilduren arrakasta eta hortik jarraituko du fronte zabal hau are gehiago zabaltzen, guztiak printzipio eta balore berdinetan aritzeko. «Auzolanean lan militante bat egiteko gaude hemen, Euskal Herria beste agertoki batera eramateko maila nazional eta sozialean», azaldu du.
Herriarekin ez du beldurrik ematen
Datozen hilabete eta urteetan erabaki aunitz hartu beharko dituztela aurreikusi du. «Ez dira erabaki errazak izango, baina lasaitasunez, irribarre batekin, gure artean eztabaidatuz egingo dugu. Herriarekin egingo dugu, eta herriarekin egiten diren gauzek ez dute beldurrik ematen, amankomunean, auzolanean eta militanteen artean hartzen ditugulako erabakiak», adierazi du.
Erantsi du gure herriak badituela baldintzak bertze leku batzuetan egin ezin diren gauzak egiteko. «Badaude indar harremanak, inteligentzia, kidego eta militantzia nahikoa. Badugu lasaitasun hori, eta hortik egingo dugu aurrera. Zer eskain diezaioke EH Bilduk munduari eta Euskal Herriari? Munduari beste mundu batzuk eskaintzea da gure aukera. Jada egiten ari gara. Euskal Herri berri bat, munduari eskainiko dioguna, sozialista, feminista, euskalduna eta burujabea. Hori da egingo dugun bidea», azpimarratu du, ohiko lanerako deiarekin amaitu aurretik: «Al tajo, milesker!».

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Dos años de prisión para el jefe de operaciones de la Ertzaintza en Durango por corrupción

