
Nahiz eta lasaiago atzo, protestek beste egun batez hartu zituzten Teherango eta Irango beste hiri batzuetako kaleak. Interes geoestrategikoen eraginez, herrialdearen egoera ekonomikoa salatzeko mobilizazioek bere horretan jarraitzen dute, aiatolen Gobernuak joan den ostiraletik ezarritako Interneten itzalaldia gorabehera. Atzo bertan, Norvegian egoitza duen Iran Human Rights GKEak 192ra igo zuen abenduaren 28an istiluak hasi zirenetik hildakoen kopurua.
Narratiben gudan –barneko zein kanpoko aktoreei zuzendua– eskualdea berrantolatzeko interesak irandarren nekea helburu arrotzen zerbitzura jartzen ari dira. Hala, ez dira gutxi izan Benjamin Netanyahuren eta Donald Trumpen adierazpenak, Irango herriaren ongizateaz eta Persiako lurretan demokraziaren osasunaz beren «kezka» ezaguna erakusteko. Lider sionistak «oso gertutik» ari dela gertakariak jarraitzen esan besterik ez du egin, baina magnate newyorktarrak ez du zalantzarik izan aiatolen erregimenari ohartarazteko «aukera guztiak mahai gainean daudela», errepresioa herrialdeko beste lurralde batzuetara zabalduko balitz.
«Helburu legitimoen» kategorian kokatuta, Irango Parlamentuko presidenteak, Mohamed Baqer Qalibafek, igande honetan ohartarazi zuen, AEBk Iranen aurka erasoren bat eginez gero, «okupatutako lurraldeek –Israel– zein AEBren eta Israelen eskualdeko gune militar, base eta ontzi guztiek ere» erasoak jasan ditzaketela.
Erregimenarekiko mesfidantzaren zati batek kanpoko erroa ere badu. Israelek 2025eko ekainaren amaieran Iranen aurka egindako erasoak erakutsi zuen erregimenaren ahulezia kanpo botereen aurrean eta apurtu egin zuen aiatolen eta herritarren arteko loturarik sendoenetakoa: segurtasuna emateko ardura.
Behean daudenak
Bien bitartean, Irango kaleek aldaketak eskatzen jarraitzen dute. Rial irandarra gutxieneko historikoetara erorita –trukean, dolar batek 1,4 milioitik gora rialen langa gainditu du– eta inflazioa etengabe gora, Teherango Bazar Handia izan zen, joan den abenduaren 28an, erregimenaren aurkako lehen protesten eszenatoki.
Hamarkada bat baino gehiagoko kudeaketa txarra, ustelkeria, oinarrizko eskubideen urraketa eta gatazka geopolitikoak egotzita, erregimena barneko zein kanpoko presio handiaren erdian dago gaur egun; hark –hein batean zuzen– AEBk ezarritako zigorrei eta AEBk eta Israelek eskualdea beren gustura berrantolatzeko duten nahiari botatzen die errua.
Gobernuaren diskurtsoa erabat ukatu barik, manifestariek aldaketa ekonomiko eta sozialak eskatzen dituzte, baina badirudi momentuz ez dagoela horiei erantzuteko gaitasunik. Mendebaldeko hedabide eta politikari askok saldu nahi duten ikuspegi erromantikotik urrun, gizarte irandarraren aldarrikapenak guztiz bidezkoak eta legitimoak dira; kanpoko esku hartze saioek eta erregimenaren autoritarismoak, ordea, errealitatea lausotzen dute.

Identifican a la navarra María Luisa Eugui entre los fallecidos en el accidente de Adamuz

La Fiscalía archiva la denuncia contra el acceso al chalet de Xabi Alonso en Igeldo

Una testigo confirma que Amaya Zabarte recibió una patada de la Ertzaintza

Imputan a tres concejales del PNV de Getxo y tres técnicos por el derribo del palacete

