
Ikasle Antolakunde Sozialistak eta Ikama ikasle antolakundeak, bakoitzak bere aldetik deitutako greba egunean, duela 50 urte Gasteizen Polizia Armatuak hildako bost langileen aldarrikapenekin jarraitzeko beharra aldarrikatu dute, manifestazio banarekin.
11.30ean hasi da IAS-en mobilizazioa, Andre Maria Zuriaren Plazatik. Abiatu aurretik Paloma Strachan Gasteizko IAS-eko bozeremaileak hedabideei azaldu dienez, manifestazioarekin «gaur egun ere faxismoaren aurka borrokatu behar dugula» ikusarazi nahi izan dute.
Gaineratu duenez, 1976ko neguan Gasteizen greban eta mobilizazioetan parte hartu zuten langileen «borroka eredugarria» dela uste dute eta, beraiei «egin daitekeen omenaldirik onena kalera ateratzea eta beraiek hasitako borroka jarraitzea» dela azpimarratu du Strachanek. «Horretara gatoz gu hona», erantsi du zentzu horretan.
Bestalde, «faxismoaren gorakadaren» aurrean «borrokatzen jarraitu» behar dutela azpimarratu du Gasteizko IAS-eko bozeramaileak. Duela 50 urte kalera atera ziren langileak gogoan, «haiek egin bezala gu lekukoa hartu eta borrokatzen jarraitu behar dugula» adierazi du.

Ikamak, aldiz, Gasteizko EHUren kanpuseko Elurreta eraikinearen atarian hasi du manifestazioa, IASena bezala Katedral berrian amaitu dena. Bertan nabarmendu dutenez, «50 urte beranduago Euskal Herria aske, sozialista, feminista eta euskalduna eraikitzeko belaunaldi berri bat martxan dagoela argi utzi dugu».
Duela 50 urte gertatutako sarraskia «kasu isolatu bat» izan ez zela adieraziz, egungo hezkuntza sistemaren «memoria ezabatzeko saiakeraren» aurrean, «memoria ariketa eta borrokaren transmisioa» azpimarratu dituzte.
«Honaino ekarri gaituzten borrokak oroitu eta hauei aitortza egiteaz gain, 76ko langileen borroka berbera dela esateko eguna da», aldarrikatu du Ikamak. Beraz, «gaur egun ditugun eskubide guztiak aurreko belaunaldien borrokei zor dizkiegula» argi uztearekin, hilak 17an deitutako greba orokorrarekin bat egitera deitu dituzte ikasleak.
Ikamako bozeramaile orokorra den Garazi Ubiriak hedabideei azaldu dienez, «ikasleok gaur, atzo eta beti lehen lerroan egonen gara» eta «memoriaren eraikuntzan ere ikasleok ezinbesteko papera dugu». Arratsaldeko 17.30ean Martxoak 3 plazatik abiatuko den Gazte Blokearekin bat egitera deitu du «ikasle oro eta gazte aldarriekin bat egiten duen oro».
«Haustura politikoa»
Ikasle Antolakunde Sozialistatik, aldiz, «haustura politikoa» aldarrikatu dute manifestazioan. Paloma Strachanen hitzetan, 1976ko greban antolatzen ziren asanbladan «ez zeuden norbaiti lotuta, langileen asanbladak ziren».
Horregatik, IAS-etik «ikusten dugu gaur egun ere garrantzitsua dela ikasleak, gazteak eta langileak independenteki antolatzea». Esan duenez, «alderdi parlamentarioak ez dira nahikoak gaur egungo sistemarekin hausteko».
«Garrantzitsua ikusten dugu horrekiko haustura politikoa markatzea eta benetan independenteki antolatuta dagoen eta langile klasearen interesei erantzuten dioten mobilizazioa eta ikasle antolakunde sendo bat eraitzea», laburbildu du IAS-eko bozeramaileak.

Samaa Kadri Kasmi: la mejor nota de Bachillerato en Nafarroa tiene nombre y vocación

Quinto día de guerra: más ataques a Teherán pero problemas crecientes para EEUU

Dos chicas de Barakaldo y uno de Balmaseda, entre los fallecidos en la pasarela de Santander

Ahanzturaren aurkako musika: Martxoaren 3koa gogoratzeko 50 abesti





