
Iker Larrazabal Buruz Buruko Txapelketaren finalerdietan izango da bigarren urtez jarraian. Amurrioko aurrelariak 18-22 menderatu du Jon Ander Peña Iruñeko Labrit pilotalekuan eta sailkapena ziurtatu du. Multzoko bigarren sailkatua bihar erabakiko da Tolosan: Iñaki Artolak 22-16 edo alde handiagoarekin menderatu beharko du Javier Zabala finalerdietan egon nahi badu.
Labriteko demak bi zati oso desberdin izan ditu. Jon Ander Peña 12-7 irabazten heldu da lehen atsedenaldi luzera. Tolosarrak asko asmatu du sakearekin lehen zati horretan eta Iker Larrazabal pilotara jartzeko arazo askorekin ibili da.
Lehen tantoak nahiko parekatuak izan dira: berdinketak izan dira 1-1ean, 3-3an, 4-4an eta 5-5ean. Peñak tanto eder batzuk sinatu ditu hasiera horretan, ezkerrez txapa gainean moztutako pilota bat edo eskubiz oso atzera jotako beste bat, esaterako. Baina Larrazabalek ere utzi ditu pare bat erremate eder.
Baina Larrazabalek asko sufritu du aurreko koadroetan defentsan aritu behar izan duenean. Eramatekoak ziruditen bizpahiru pilotara ongi iritsi da, baina ez du asmatu gerria sartu eta pilota jasotzen.
Horrela lortu du Jon Ander Peñak 9-5 aurreratzea lehenik –aurkariek atseden bat eskatu dute baina ez zaie ongi irten–, eta telebistako lehen eten luzean emaitza 12-7koa zen, Peñak sakez egindako laugarren tantoari esker.
Beste pilotari bat itzuli da aldagelatik
Aldageletatik itzulitakoan, ordea, panorama erabat aldatu da. Iker Larrazabalek askoz lasaiago jokatu, gehiago asmatu du botera jarri eta pilota atzeratzen, sakearekin ere min gehixeago egiten hasi da, eta errematerako aukera izan duenean ia denak asmatu ditu.
Partziala 0-7koa izan da, eta pilotari arabarrak mota guztietako tantoak sinatu ditu: dejadak aurreko zuloan, atzean bikain gurutzatutako pilotakadak, sake bikain bat... Peñari lan zailak tokatu zaizkio tarte horretan eta tanto pare batean aurkariaren atxikia eskatzen ere ikusi dugu.
Larrazabalen erakustaldiak jarraipena izan du, ordea, eta markagailuan tartea 14-19raino zabaldu du bere unerik onenak bikain baliatuz. Harrigarria izan da ordurako pilatua zen gogortasuna ikusita zer zehaztasun erakutsi duen aurreko erremateetan.
Peñak partidarik irabazi gabe amaitu du final-laurdenetako ligaxka, baina onartu behar zaio neurketa guztietan erakutsi duen borrokarako grina eta lehiakortasuna. Gaur ere, sailkatzeko aukerarik gabe gelditu arren, azken unera arte jo eta ke jarraitu du. Horri esker lortu du 17-21 gerturatzea, baina pena izan da azken tantoan tolosarrak berak sakea motz atera izana.
Urduritasuna eta materiala
Bere erreakzioaren gakoez galdetuta, Iker Larrazabalek urduritasuna eta materiala aipatu ditu ETBko elkarrizketan. «Hasieran oso urduri atera naiz. Peñak oso ongi jokatu du eta nik ez nuen asmatzen eskubiarekin. Tantoak azkarregi amaitu nahi nituen. Baina atsedenean Koldok [Iriarte, botilleroa] asko lagundu dit lasaitzen eta bigarren zatian hobeto aritu naiz. Gainera, pilotak ere gastatzen joan dira eta horri esker hobeto jartzen nitzen botera eskubiz pilota atzeratzeko».
Jon Ander Peñak, bere aldetik, ez du aitzakiarik jarri eta ligaxkan erakutsi duen lehiakortasuna nabarmendu du. «Daukazun guztia ematen duzunean aurkaria zoriondu behar da. Nik ez dut asmatu pilota atzean gurutzatzen eta lau edo bost akats egin ditut maila honetan egin ezin direnak. Berak aldiz dena ondo egin du bigarren zatian. Uste dut hiru partidetan izan dudala irabazteko aukera, finalerdietan sartzea nire esku egon dela, eta datorren urtean beste jarrera batekin hartuko dut ligaxka».
FITXA
Pilotakadak: 257. Partidaren iraupena: 59 minutu. Markagailua: 1-0, 1-3, 3-3, 3-4, 4-4, 4-5, 9-5, 9-7, 12-7, 12-14, 13-14, 13-16, 14-16, 14-19, 17-19, 17-21, 18-21 eta 18-22. Sakez: 5 Peña II.ak (eta falta bat) eta 2 Larrazabalek. Jokoan eginak: 10 Peña II.ak eta 15 Larrazabalek. Galdutakoak: 4 Peña II.ak eta 3 Larrazabalek. Gertaerak: Buruz Buruko Txapelketaren final-laurdenetako ligaxkako partida Iruñeko Labrit pilotalekuan. Frontoia ia beteta. Aitor Aranguren izan zen Peñaren botileroa eta Koldo Iriarte Larrazabalena. Lehen sakea, gorri.

Investigan un posible suministro de drogas a 10 menores en un viaje de estudios de una ikastola

«Tras 50 años, en Montejurra sigue vigente la impunidad»

Líder del PRI pide a EEUU declarar «terrorista» a Morena evocando la ilegalización de Batasuna

Nueva funcionalidad de Google: activa NAIZ como fuente preferida para seguir la actualidad

