Zinema, iragana berreraikitzeko atea
SIMULACRO
Euskal Herria, 2026. 101’. Zuzendaria eta gidoia: Nitya López Saitua Aktoreak: Miguel Garcés, Iraia Elias, Nitya López Saitua. Argazkia: Ernesto Báez

Aitor Merinoren 'Fantasía' (2021) dokumentala eta Nitya Lopez Saituak aurkeztu berri duen 'Simulacro' (2026) oso ezberdinak dira, baina badute elkartzen dituen ardatz bat: familia, memoria eta zinemaren bidez iraganari eusteko nahia.
'Fantasía' filmean, Merinok bere familia filmatzen du, eta abiapuntua gurasoak galtzeko beldurra da, baita ezinbestean desagertuko den familia-esperientzia hori zinemaren bidez gordetzeko beharra ere. Kamera piztea, nolabait, denborari aurre egitea da; gaur dagoena bihar ez dela egongo jakinda, unea harrapatzen saiatzea.
'Simulacro' ere familia barruko zauri batetik abiatzen da. Nitya Lopez Saitua Ibarrangeluko haurtzaroko etxera itzultzen da, lau urte zituela gurasoak banandu zirenean gertatutako eztabaida aktoreekin berreraikitzeko. Merinok, nagusiki, oraineko eta benetako familiarekin egiten du lan; López Saituak, aldiz, gogoratu ezin duen iraganeko gertaera batekin. Merinok oraina filmatzen du galtzeko beldur delako; López Saituak iragana berreraikitzen du, gogoratu ezin duelako.
Bietan, film bat egitea familiaren historian berriro sartzeko modu bat da. Baina bata presentzia bati eusten saiatzen den bitartean, bestea hutsune baten bila abiatzen da.
'Simulacro', dokumentalaren eta dramaren arteko dokufikzioa, Iraia Elias eta Miguel Garces aktoreak ditu protagonista. Zinemaren bidez, Nitya López Saituak aktoreekin berreraikitzen du banantzea eragin zuen eztabaida, inoiz ikusi ez zuen gertaera baten oroitzapena sortzeko ahaleginean.
Izenburuari erreferentzia egiten dion «simulakroa» ez da jatorrizko gertakariaren erreprodukzio hutsa, baizik eta gertatu zitekeenaren saiakera; irudizko zerbait, benetako ondorio emozionalak eragiteko gai dena. Agian ezinezkoa delako iragana berreskuratzea, baina posible delako haren inguruan irudi berri bat eraikitzea.
Inprobisazioaren eta bere artifizio propioa agerian uzten duen filmazio baten bidez, adinagatik inoiz sentitu edo ikusi ezin izan zituen oroitzapenak eraikitzen ditu helburu argi batekin: gurasoen arteko harremana ulertzen saiatzea. Falta zaion zati emozional horren bilaketa da, nolabait, filma. Ez du soilik jakin nahi zer gertatu zen; gertatu zen horren barruan zer sentitu behar izan zuen ere aurkitu nahi du. Filma bere iraganeko eremu batean murgiltzeko ate bihurtzen da.
Metazinemak, fikzioak eta zuzendariaren artxiboko bideo pertsonalek bat egiten dute, Nitya López Saituak sortu duen proposamen berezi eta ezohiko honetan.
Iraia Eliasen eta Miguel Garcéren presentziak filmaren maila nabarmen igotzen du. Aktore bikain hauen esku, edozein eszena, une edo errepikapen lehen mailako bihurtzen da. Bere gurasoen harremanaren hainbat fase birsortzen dituzte, tarteka zuzendariak fikzioaren mugak hautsi eta eszenan bertan sartzen den bitartean.
Proiektuaren asmoak txalogarriak dira, eta fikzioaren eta dokumentalaren arteko hibridoa berezia eta ausarta da. Baina, bi erregistroen arteko nahasketak tarteka ikuslea emozionalki filmetik ateratzea eragiten du, eta distantzia moduko bat sortzen da. Benetako irudiak agertzen direnean –benetako gurasoen ahotsak, esaldiak eta uneak–, filmak beste berotasun eta goxotasun bat hartzen du.
Bi aldeak, fikzioa eta ez-fikzioa, oso modu txukunean daude eraikita, baina uztartzean, batak bestea «irensten» du zenbait unetan, aberastu beharrean elkarri traba egingo baliote bezala. Gainera zuzendaria bera azaltzen diren zenbait une apur bat behartuak daude eta artifizialtasun puntu bat duten egoerak jaiotzen dira.
Dena den, Elias eta Garces hain dira onak, ezen biak azaltzen diren edozein eszenatan ordu luzez gera gintezkeela begira. Haien interpretazioek filmaren une dramatikoenak sostengatzen dituzte, eta birsortutako eszenei sinesgarritasun eta indar emozional handia ematen diete.
Ez da ikusle guztientzako moduko proposamena. Batzuk ez dira prest egongo mekanismo narratibo eta formal berezi honetan sartzeko, jolasak pazientzia eskatzen duelako. Baina ahalegina egiteko prest daudenek film sendagarri eta hunkigarri bat aurkituko dute.

Negu Gorriak: «Los medios llevan una semana llamando etarra y yihadista a nuestro colectivo»

Orain bai, Gatiburen atea itxi daiteke

Zupiria dice que en las fiestas del Carmen los agredidos fueron los ertzainas

Iparragirre eta Paroten gradu-progresioen helegiteek «mendekua» dute oinarri Sareren arabera

