Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Iraganak berriro orro egiten duenekoa

LEONES DE INVIERNO
Estatu espainola, 2026. 99’. Zuzend.: Albert Pinto. Gidoia: Juma Fodde. Akt.: Luis Zahera, Roberto Alamo, Luis Callejo, Jose Manuel Poga. Musika: Raül Refree. Argaz.: David Acereto.

‘Leones en invierno’ filmeko irudia.
‘Leones en invierno’ filmeko irudia. (Bowfinger International Pictures, Esto También Pasará)

Albert Pinto zinemagile kataluniarra thrillerraren mundura itzuliko da ‘Leones en invierno’ filmarekin, Luis Zahera protagonista duen mendeku, dolu eta indarkeria istorio izango da. Zuzendariak, oraingoan, galerak eta iraganak markatutako lurralde ilun batean murgilduko du ikuslea.

Tragedia batekin hasiko da istorioa. Auto baten gidariak neska gazte bat harrapatu eta ihes egingo du. Hasieran, ohiko istripua dirudi, baina egoera korapilatu egingo da laster: gidaria narkotrafikoaren aurkako operazio batean infiltratuta dagoen polizia da.

Gaztearen heriotzak bere aita, Hidalgo (Luis Zahera), lur jota utziko du. Gaur egun gizon lasaia da, indarkeriatik urrun bizi dena. Baina hori ez da beti horrela izan. Iraganean, Hidalgo, Ultra Sur talde neonaziko buruetako bat izan zen. Tragediak urteetan lurperatuta egon den gizon hura berriro azaleratzea eragingo du.

Pelikulak Hidalgoren dolua eta eraldaketa ditu ardatz. Alaba galdu ondoren, gizonak ordura arte bere bizitzari eusten zioten mugak gaindituko ditu, eta iraganeko metodoetara itzuli beharko du gertatutakoa argitzeko.

Luis Zaherarekin batera, Roberto Alamo, Luis Callejo, Jose Manuel Poga, Inma Cuesta eta Maria Romanillos aktoreek osatuko dute aktore taldea. Haiekin batera izango da Amaia Aberasturi aktore bizkaitarra ere.

Albert Pintok galeraren, identitatearen eta indarkeriaren inguruan eraikitako thrillerra proposatuko du. Istorioak justiziaren eta mendekuaren arteko muga gero eta lausoagoa bihurtzen denean zer gerta daitekeen aztertuko du.