INFO

80. urteurrena ospatuko dute aurtengoan Baionako jaiek

Urte berezia izango da aurtengoa Baionako jaientzako, 80. urteurrena ospatuko dute eta. Alain Afflelou enpresariak milioi bat eta erdiko diru laguntza ez du jarriko, ordea, zezenketen aurkako taldeek egin dioten presioagatik.

Festa batzordeko lehendakari den Henry Lauque eta Martine Bisauta zinegotzia. (Gaizka IROZ/ARGAZKI PRESS)

Gaur aurkeztu dituzte Baionako jaiak Henry Lauque festa batzordeko lehendakariak eta Martine Bisauta zinegotziak. Bi ezaugarri nagusi izango dituzte aurtengo jaiek: batetik, 80. urteurrena ospatuko dute, eta bestetik, Alain Afflelou enpresari ezagunak ez du milioi eta erdiko diru laguntzarik emango, Zezenketen Aurkako Komite Erradikalak haren aurka egin duen kanpaina dela-eta.

Lauque festa batzordeko lehendakariaren esanetan, «bere horretan» mantenduko da jaietako programazioa nahiz eta azken orduan Afflelouk diru laguntza ukatu.

Uztailaren 25ean, asteazkenean, hasiko dira jaiak eta 29an amaitu. Osteguna izango da umeen eguna eta larunbatean ospatuko da «Iruñea eguna» (bien arteko senidetzaren eguna), nahiz eta orain arte igandean ospatzen zen.

Gauero egongo da eskaintza musikala Paul Bert Plazan.