Angel Ibisate euskaltzain urgazle gasteiztarra hil da
Angel Ibisate Lozares euskaltzain urgazlea hil da Gasteizen, 87 urte zituela, Euskaltzaindiak aditzera eman duenez. Ibisate apaiza zen eta Arabako AEKren sortzaileetarikoa.
Gasteizen jaio zen Angel Ibisate Lozares, 1932ko urriaren 2an, eta herrialde horri lotuta egin du ibilbide osoa. Hil ere, Arabako hiriburuan hil da.
Gizarte Zientzietan lizentziaduna (Unibertsitate Gregoriano Pontifikala) zen. Gasteizen eta inguruko beste herri batzuetan ibili zen abade (Uribarri Jauregin eta Gereñun; Sabandon, Ibisaten eta Areatzan; eta Gasteizko Andre Maria Koroatzearen parrokian eta Mataukun), eta Elizbarrutiaren Seminarioko liburuzain izan zen erretiroa hartu arte.
Euskarak Araban itxitako arrastoak gogoz ikertu zituen, baina gaur egungo egoerak ere arduratzen zuen. Euskararen aldeko makina bat ekimenetan parte hartu zuen, esate baterako, Arabako AEKren sortzaileetarikoa izan zen.
Euskaltzain urgazle izendatua izan zen 2006ko maiatzaren 26an.
Hona hemen Ibisateren zenbait idazlan: ‘Fórmula de juramento en euskera en Álava en el siglo XVI: el testamento de Fray Juan de Victoria’ (1985), ‘El euskera en Álava a fines del siglo XVIII: un artículo de Don José Miguel de Barandiaran de 1926: anotaciones actuales sobre el docuemnto publicado’' (2001), ‘¿Ergoienak alavesas?: la Hergoiena salvaterrana, las Ergoienas de Salvatierra: nueva luz sobre un texto de P. Kardaberaz’ (2008) eta ‘El diccionario español-euskara de Landucci (1562) se confeccionó en Vitoria: una base documental recién descubierta’ (2012).