Hobera egin du egoerak Nafarroan; gainerakoetan, kasuak gora eta 46 hildako aurreko astean
Datu txarrak asteazken honetan EAEko Osasun Sailaren balantzean. Aurreko astean 46 hildako eragin dituela koronabirusak jakitera eman du. Eta kasu berriak, PCR gehiagorekin, 285tik 432ra pasa dira. Nafarroan, aldiz, bigarren egunez hobera egin du egoerak, positibitate-tasa %8,8ra jeitsiz. Guztira, 697 kasu berri, beraz.
46 hildako eragin ditu covid-19ak aurreko astean Euskal Autonomi Elkartean, Osasun Sailak asteazken honetan jakinarazi duenez.
Ez da datu txar bakarra, izan ere asteartean eginiko 9.741 PCR probetan 432 positibo izan dira (bezperan 285 ziren, 7.373 PCR egin ostean).
Herrialde guztietan gora egin dute kopuruek, nabarmen: Bizkaian 138tik 198ra; Araban 39tik 83ra; eta Gipuzkoan 99tik 138ra. Hamar lagun gehiago EAEtik kanpo bizi dira.
Herriz herri begiratuta, hauek dira azken 24 orduetan datu okerrenen agertzen dituzten tokiak: Gasteizen 63 kasu berri detektatu da, Barakaldon 25, Durangon 14 eta Zuian 12.
Honekin guztiarekin, gora egin du berriz birusaren zabaltze-tasak, 1 zenbakira gerturatuz: 0,96koa da orain.
Erietxeen egoerari dagokionez, 33 lagun gehiago ospitaleratu dituzte asteartean (astelehenean 28 izan ziren). Zainketa Berezien Unitateetan 56 dira orain, bat gehiago beraz.
Nafarroa, 300 kasu baino gutxiago eta %8,8an
Nafarroa da egoera larrien dagoen herrialdea, eta hemen behintzat zertxobait hobeto datoz zenbakiak. Osasun Sailak jakitera eman duenez, asteartean 265 positibo izan dira 3.019 PCR probetan.
Hau dela eta, bigarren egunez hobekuntza nabaria du herrialdeak. Eta bereziki aipagarria da positibitate-tasa %8,8ra jeitsi direla, egun askotan %10tik gora egon ondoren. Gainera, hau da Estatu mailan ezarritako muga, konfinamenduak ezartzeko erizpide gisa.
Javier Remirez eledunaren esanetan, duela aste pare bat ezarritako neurriek fruituak ematen dituztela frogatzen ari da. Azkoienen, Funesen eta Faltzesen egindako txalotu du eledunak.
Bi hildako izan dira, covid-19ak jota, asteartean: 80 eta 87 urte zituzten.
Hildako bat Arabako erresidentzietan
Gasteizko Colisee Miñano egoitzaiko egoiliar bat hil da covid-19aren eraginez, Arabako Diputazioak jakitera eman duenez. Aurreko beste patologia batzuk zituela gaineratu du Aldundiak.
Hildako honekin, 13 dira Arabako egoitzetan hil diren egoiliarrak pandemiaren bigarren oldarraldian.
Honekin batera, Murgiako Orobide egoitzan bederatzi positibo izan dira azken orduetan. Atzo ere beste bederatzi positibo ziren.
Gipuzkoako egoitzetan, 11 positibo berri
Era berean, azken orduetan, Bergarako Mizpirualde egoitzako bederatzi erabiltzailek eta Alai-Etxeko bik positibo eman dute Gipuzkoako Aldundiak jakinarazi duenez. Beste seik gaixotasuna gainditu dute, horietako bost Errenteriako Jesusen Bihotza zentroko egoiliarrak eta bat Hernaniko Santa Maria Magdalenakoa.
Beraz, gaur egun, 51 Covid-19 kasu positibo daude Gipuzkoako egoitzetako erabiltzaileen artean: Hernaniko Santa Maria Magdalena (14), Errenteriako Jesusen Bihotza (5), Donostiako Alai-Etxe (9) eta Bergarako Mizpirualde (23). Ospitale-arreta behar duten eta ospitaleratuta dauden pertsonak bederatzi dira, eta beste 31 Eibarko Ospitaleko gizarte-solairuan artatuak ari dira izaten.
Abuztuaren 11n, pandemiaren bigarren olatuaren lehen positiboak eman zirenetik, 37 adinekok gainditu dute gaixotasuna eta 25 pertsona hil dira.