Aritz Egea, bigarren Penyagolosan, Ultra Traileko Estatuko lehen txapeldun bihurtu da
Urretxuko mendi korrikalaria Kevin Vermeulen frantsesarengandik 24 segundora helmugaratu da 60 kilometroko luzera izan duen lasterketan.
Larunbat honetan Castellon jokatu den Penyagolosako lasterketan protagonismo euskalduna izan dugu. Izan ere, Aritz Egeak bigarren amaitu du, irabazle izan den Kevin Vermeulen frantsesarengandik (5 ordu, 20 minutu eta 15 sgeundo) 24 segundora helmugaratuz. Gauzak hala, Espainiako txapeldun bilakatu da gipuzkoarra. Bi korrikalari hauek 2019az geroztik Borja Fernandezek zuen denbora hobetu dute (5:24:00).
Lasterketako azken txanpa emozioz beterikoa izan da. Vermeulenek eta Egeak elkarrekin korritu dituzte azken hiru kilometroak eta euren artean erabaki da lasterketa.
Elurbusti fin bat erortzen ari zela, frantsesak Urretxuko korrikalaria atzean utzi du eta 24 segundoko aldearekin ospatu ahal izan du garaipena. Egeak, aldiz, beste zerbait zuen ospatzeko: Ultra Traileko Estatuko txapeldun berria da.
«Azken igoeran Vermeulen atzean uzten saiatu naiz, baina ez dut behar nuen distantzia lortu eta bera ondoren indartsuago egon da. Baina lasterketa perfektua izan da, oso pozik nago. Orain alergia sufritu beharko dut maiatzean, baina gero gerokoak», azpimarratu du Aritz Egeak.
Antolatzaileak goizeko 6.00etan ezarri dute irteera, korrikalariak egunean zehar egin zezakeen berotasunaz babesteko, baina garai honetan espero zena baina hotz handiagoa egin du –0 gradu inguru egin du– eta goizeko haizeteek hotz sentsazioa areagotu dute.
Bestalde, 106 kilometroko CSP proban, gaueko 00.00etan hasi zena, Hannes Nambergerrek irabazi du eta 11 ordutatik jaisten lehen korrikalaria bihurtu da (10 ordu, 49 minutu eta 45 segundo).