Ikerbasquek ongizate psikologikoa bermatzeko programa osatu du ikertzaileentzat
Ikerlarien artean antsietatea bezalako arazoak beste lan eremu batzuetan baino lau aldiz gehiago ematen dira. Gainera, ikerketa bat garatzen ari den profesional batek baja hartzen badu, hura ordezkatzea ez da batere erraza. Hori dela eta, ikerlarien ongizatea bermatzeko programa jarriko da martxan.
Ikerbasquek ongizate psikologikoa zaintzeko programa prestatu du ikertzaileentzat, antsietatea bezalako arazoen intzidentzia beste eremu profesionaletan ematen dena baino lau aldiz handiagoa baita.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Perez Iglesiasek Zientziarako Euskal Fundazioak 2025-2028 aldian ezarritako helburu nagusiak aurkeztu ditu ostiral honetan. Bere agerraldian, EAEn egiten den ikerketak «kalitate-maila handia» duela azpimarratu du.
BERC, CIC eta Osasun Ikerketako Institutuetako arduradun zientifikoekin bilera egin ondoren, Perez Iglesiasek iragarri du ikertzaileentzako ongizate psikologikoko programa bat ezarriko dela, nahasmendu horien kasuak beste sektore profesional batzuetan baino «lau aldiz gehiago» ematen baita.
Antsietatearen moduko patologien intzidentzia handia ikertzaileek jasaten duten presioan eta zientzia-munduaren «lehiakortasunean» dute jatorria.
«Ikerketa-ildo bat garatzen duen pertsona batek baja hartzen duenean ez da erraza ordezkatzea. Ez da muntaia kate bat», ohartarazi du. Horrela, Fundazioko zentro guztiek ongizate psikologikoko programa bat izango dute 2028an.
Halaber, zientzia gizarteari hurbiltzeko zientzia-komunikazioko eta dibulgazioko programa bat garatuko dela iragarri du sailburuak, baita emakumeak zientzian duen presentzia bultzatuko dela ere.
«Helburua da jarduera zientifikoa egiteko baldintzak hobetzea, baldintza erosoak sortzea eta Euskadin lan egitea erakargarriagoa izatea», berretsi du.
2028rako 450 ikertzaile
Ikerbasquek 2028an 450 ikertzaile lortzea du helburu, eta horretarako 80 profesional berri kontratatuko ditu; horietatik %40 emakumeak izango dira.
Gainera, espero dute ordurako fundazioko ikertzaileek 2.800 artikulu inguru argitaratzea inpaktu handiko aldizkari zientifikoetan.
Bestalde, epe horretan 200 milioi euroko itzulkin ekonomikoa aurreikusten da, eta horrek esan nahi du bideratzen den euro publiko bakoitzeko, inbertitzen denaren bikoitza itzuliko dela zientzian inbertitzeko.
Azpiegiturei dagokienez, Perez Iglesiasek azpimarratu du garrantzitsua dela fundazioak etorkizunean Donostian izango duen zentroa, IBMren ordenagailu kuantikoa hartuko duena, eta aitortu du ez dela baztertzen antzeko espazioak sortzea beste herri batzuetan.