INFO

Presoak etxera ekartzeko «konpromisoa eta ilusioa» aldarrikatu dituzte Gasteizko jaietan

Gasteizko jaien egun nagusian manifestazioa egin du Sarek, presoak behingoz etxera ekartzeak elkarbizitzari egingo dion onura nabarmentzeko asmoz. Bide horretan «konpromisoz eta ilusioz» aritzea ezinbestekoa dela aipatu dute eta kalean erakutsi dituzte biak.

Sarek antolatutako manifestazioa Gasteizko jaietan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Giro alaian burutu da Sareren manifestazioa, Gasteizko Andre Maria Zuriaren festen egun nagusian. Izen bera daraman plazatik abiatu da, 20.30ak zirela, ehunka lagun bilduz.

«Hamabi hilabeteren ostean, hemen gaude berriro, hainbeste maite ditugun Gasteizko jaiak ospatzen. Hala ere, une zoriontsu hauek beti dute beraien alde gazia baita, gurekin jaiak ospatu ezin dituzten pertsonetaz oroitu ohi gara eta orain, jaien denboraldian bete beterik gauden honetan, ezin ditugu ahaztu beste urte batez, minean eta mendekuan oinarritutako salbuespen lege baten ondorioz, jaietaz disfruatu ezin izango duten euskal preso, iheslari eta deportatuak», aipatu du Sarek, hasteko.

Azken urteotan emandako «jauzia» kontuan hartzekoa dela berretsi ondoren, horrekin «poza» adierazteko ordua badela aitortu dute bildutakoek. Hala ere, «konponbide partzialak» ez direla nahikoa erantsi dute: «Konponbide integrala behar du herri honek eta horretarako salbuespena ezabatzea ezinbestekoa da».

Hatortxu adibide

Hiri erdiko jai gune nagusiak zeharkatu ditu mobilizazioak eta duela aste pare bat jarritako mugarri bati erreparatu diote: «Gure Hatortxu Rock maitea» harrotasunez aldarrikatu dute, «auzolanean eraikia», 25.000 lagun eta 7.000 bolondres bildu baitu azken edizioak. «Ez dugu Europa osoan horrelakorik aurkituko», txalotu dute.

Eredu gisa jarri dute Sakanan gertatutakoa: «Hona ailegatzeko errezeta zein den argi daukagu, konpromisoa eta une honetan aldarri hau babesten duen gehiengoa, oraindik eta zabal eta ozenagoa bilakatzea. Horregaitik ezinbestekoa da mobilizazio dinamika eraginkor bat artikulatzea. Hori dela eta, hurrengo aste zein hilabeteetan aurrera eramango diren ekimen guztietan, parte hartzera dei egiten dugu gasteiztar zein arabar oro. Konpromisoaz hitzegiten dugu bai, baina, konpromisoa mantentzeko behar beharrezkoak dira ilusioa eragiten duten dinamikak pil pilean egotea».

«Behin eta berriz esan dugu une erabakigarri baten aurrean gaudela, agian gai honetan inoiz ezagutu dugun unerik erabakigarrienean. Ezinbestekoa da denon bultzada eta denon konpromiso eta ilusioa hurrengo hilabete hauetan sasoi betean egotea. Lortuz gero, konponbidea, elkarbizitza eta bakea ditugu helmugan gure zai», nabarmendu du Sarek.

Sanferminen bezperetan mobilizazioa egin zuen ere Iruñean Sarek. Udako egutegi honekin aurrera eginez, hurrengo hitzordua Donostia izan da, hiriburuei dagokienez. Hilak 16an deitua da mobilizazioa; asteazken honetan aurkeztu dute.