INFO

1977-1980 bitarte Sarrionandiak egindako zinemaren «notario lanak» argitaratu ditu Pamielak

Hasieran ezizenez, gero bere izenarekin, 1977tik 1980ra bitarte ‘Zeruko Argia’ eta ‘Anaitasuna’ aldizkarietan zinema kritikak idatzi zituen Joseba Sarrionandiak. Orain, Josu Martinez zinemagileak horiek bildu eta liburu bakarrean argitaratu ditu Pamiela argitaletxeak.

Garmendia, Martinez eta Sarrionandia liburuaren aurkezpenean. (Andoni Canellada | FOKU)

Zinemaren inguruko liburu bat da Pamielak ostegun goiz honetan aurkeztu duena, ‘Joseba Sarrionandiaren zinema paperak (1977-1980)’. Editore lanak Josu Martinez zinemagileak egin ditu, eta bere esanetan «momentu horretako notario lanak egin zituen Sarrionandiak». Izan ere, 1977 eta 1980 bitartean ‘Zeruko Argia’ eta ‘Anaitasuna’ aldizkarietan idazle iurretarrak zinemari buruz idatzitako testuak bildu dituzte, kronologikoki antolatuta aurkeztu dituzte.

Martinezek azaldu du duela gutxi arte ez zuela euskal prentsan zinemari buruz askorik aurkitu, baina 2022an argitaratu zuen ‘Irudiz eta euskaraz’ liburua idazten ari zela egin zuela topo Sarrionandiaren idazkiekin. «Ordura arte oso gutxi idazten zen zinemari buruz, eta astez aste eta sakontasun batekin ez zen idazten. Ekarpen handia egin zion gure kultura zinematografikoari», aitortu du, eta era berean momentu batean euskal zinema baino aurreratuagoa egon zitekeela kultura zinematografikoa idatzi horiei esker azaldu du. 

Erdi lotsatuta egin du aurkezpena Sarrionandiak berak, aitortu baitu aspaldi idatzitako testuak direla, eta horiek irakurtzea «arraroa» egiten zaiola. Hausnarrerako baliatu nahi izan du tartea, izan ere bere ustez euskaldunok etengabean «zerotik sortzen» ari gara; berak Koldo Mitxelenak aurrez egindako zine kritikak ez zituen ezagutzen, eta ondorioz momentuan zerbait berria ari zen sortzen. 

Zinemaz ere mintzatu da idazlea: «Gu zinemara igandetan joaten ginen, eta besteei pasatzen zitzaien gauza bat zen zinema, ordubete eta erdi pasatzen genuen besteei pasatzen zitzaizkien gauza arraroak ikusten. Baina momentu horretan, Franco hil eta gero, zinemaren historia guztia berreskuratu zen, eta zinemaren bidez hasi ginen mundura iristen, eta hori eztanda moduko bat izan zen. Lehenengoz besteei pasatzen zitzaiena izatetik, guri gertatzen zitzaiguna izatera igaro zen, nerabezarotik aterata ez genekien zer egin, deskubritzeko momentua zen, eta zinema guri gertatzen zitzaiguna ikusteko ispilu moduko bat zen; ni zinemara ispilu batean gizarte enredatu hau ikustera joaten nintzen, gure bizitzak ulertzeko eta ikuspegi utopiko bat izateko joaten nintzen».

Martinezek gehitu du, egun gaurkotasun handia duten gogoetak ere jasotzen direla eta galdera zabaldu du: «Esaterako, edukiaren aldetik gauza berri asko ikusten zenituela esaten duzu Joseba, baina formaren aldetik oso kontserbadoreak zirela hainbat. Mezu iraultzaile bat forma kontserbadore batekin joan daiteke?».

Garaiaren isla

Donostiako Zinemaldiaren inguruan ere hainbat pasarte badaude, gizartea bezalaxe festibala ere eboluzioan zegoela ohartarazi du Martinezek eta Sarrionandiak kontraste izugarriak zeudela idatzi zuela gaineratu du, txatal bat irakurriz: «Kontraste izugarri batzuk ere nabaritu dira auzoetako Zinemaldiaren eta Victoria Eugeniakoaren artean, esate baterako bi mundu daude: Zinema auzoetara eramaterakoan sozializatzeko aurrerabide batzuk egin dira, baina Victoria Eugenia palazioko estupidoen mundua begiratzea aski da konturatzeko festibal hau betiko jabeena dela».

«Momentu berezi horren notario lanak egin zituen Josebak», esan du Martinezek eta gogoratu du orduan eman zela Chaplinen ‘Diktadore handia’ esaterako, 40.hamarkadan egindakoa. Bestalde, idazlearen gaztetasuna ere nabarmentzekoa dela gehitu du, izan ere, 20 urte besterik ez zituen Sarrionandiak, «baina ageri dira gerora Joseba bihurtuko zen idazlean hainbat ezaugarri: umorea, ispiritu kritikoa…».

Elixabete Garmendia egoten zen astero-astero Sarrionandiaren artikuluen zain Okendo 22ko bulegoan. Eta berak kontatu du 1977ko apirilean hasi zirela postaz Durangoko norbaitek bidalitako artikuluak jasotzen, «Tom Kastrok sinatzen zituen hasieran, eta oso onak iruditzen zitzaizkigunez izen misteriotsu horren atzean zegoena fitxatu behar genuela erabaki genuen, eta hor ezagutu genuen Joseba Sarrionandia delako hura».

Orduko ‘Zeruko Argia’ko zuzendariak eta idazleak berak ere, gogoan dute Donostian elkartu zirela, eta bulegoko bileran tratua itxi ostean Alde Zaharrean zehar ibili zirela. «Denbora aurrera joan ahala, astero irrikaz egoten ginen bere artikuluak jasotzeko, interrogantetik zintzilik egoten ginen, beti bazen sorpresaren bat, hizkera aldetik, istorioaren aldetik…», kontatu du Garmendiak.