INFO

Kilian Jornetek amaitu ditu ‘States on Elevation’-eko 72 laumilakoak 31 egunetan

Alpinista eta korrikalari katalanak Ameriketako Estatu Batuetan egin duen muturreko loturan 5.145 kilometro eta 123.000 metroko desnibel positiboa egin ditu. Jornetek dio abentura bat bizitzeko modu bat baino ez dela izan.

Kilian Jornetek ‘States of Elevation’ proiektuan egin dituen datu ikaragarriak. (KOROS)

Ez dakigu Kilian Jornet laborategi ibiltari bat den ala ez. Kirol osasuneko aditu batzuek diote antza handia duela; bederen, egiten dituen muturreko jarduerek hala adierazten dute. Gogora dezagun iaz kolektiboa ahoa bete hortz utzi zuela ‘Alpine Connnections’ xedea 19 egunetan biribildu zuenean. Hots, Alpeetako 82 laumilakoak.

Joan den igandean, berriz, muturreko beste proiektu ikaragarri bat amaitu zuen Ameriketako Estatu Batuetan. Duela hilabete bat aurreratu genizuen alpinista eta korrikalari katalanak ‘States of Elevation’ hasi zuela. Hitz gutxitan esanda, herrialde horretako 14.000 oin baino gehiago (4.267 m) dituzten mendiak (Alaskakoak ez) igotzeko eta lotzeko asmoa zuen. Eta aurrekoan bezala, arrakasta itzela izan du. Sona handia duten 72 fourteeners edo laumilakoak sinatzeko 31 egun besterik ez ditu behar izan. Igoera horiek guztiak oinez edo korrika egiteaz gain, kirolari horrek trantsizio guztiak, mendilerro batetik bestera, bizikletaren gainean egin ditu.

Idatzi dituen datuak harrigarriak dira. Denera, 5.145 kilometro egin ditu hilabete eskasean. Horietako 4.133 bizikletarekin eta 1.011 oinez eta korrika. Desnibel positiboa, berriz: 123.045 metro. Eta denbora: 488 ordu eta 52 minutu. Aurreratu dugun bezala, datu horiek ikusita badirudi Jornet laborategi ibiltari bat izan dela. Eta hori diogu zaila delako oso hilabete horretan egin duena barneratzea. Muturreko erresistentzia, garaieraren eragina, eguraldiaren aldaketak, estres muskularra eta metabolikoa… Baina hori guztia adituen eskuetan utzi beharko dugu azter dezaten. Guk soilik gehitu dezakeguna da katalanak aurrekaririk ez duen esplorazio ibilbide bat zabaldu duela. Batez ere, etenik izan ez duen kirol esfortzu baten inguruan.

Jornetek bere aldetik honako ikuspuntua eskaini du eginiko proiektuaren inguruan: «Ez da gailur kopuru soil bat. Introspekzioan, erresistentzian eta aurkikuntzan oinarritutako bidaia izan da. Basamortuak, glaziarrak, ekaitzak eta amaierarik ez zuten mendilerroak zeharkatu ditut amets bat bete ahal izateko. Mendizaletasuna eta erabateko autosufizientzia lotzeko asmoa izan dut. 72 laumilakoak igotzea ederra da oso, baina are gehiago haien artean dauden isiltasuna, paisaiak eta gizabanakoak. Horrek guztiak aurrera jarraitzeko indar handia eman zidan. Hasieran, mapa batean marraztutako asmo bat baino ez zen. Ez nekien egingarria ote zen. Baina bukatu dudanean ohartu naiz zifrak baino garrantzi handiagoa duela bizi izan dudan abenturak».

72 laumilako

Irailaren 3an egin zituen lehen urratsak. Hain zuzen ere, Longs Peak-eko (Colorado) aldatsetan. Urriaren 5an, berriz, Rainier mendian (Washington) amaiera eman zion 72x4.000 edo ‘States of Elevation’ proiektuari. 5.000 kilometroko zeharkaldi epiko horretan, besteak beste, Mendi Harritsuak, Kaliforniako basamortuak, Sierra Nevadako ertzak eta Oregoneko oihanak zeharkatu ditu.

Muturreko zeharkaldi horrek kontzentrazio zein irmotasun handia eskatu dio. Hasteko eta behin, Coloradoko 56 tontorrak zapaldu behar izan zituen. Ondoren, Elks, Nolan´s 14, Elbert, Pikes Peak… Kirolari katalanak baieztatu du eguraldi oso aldakorrari aurre egin behar izan diola: «Laumilako batzuetara heltzeko ekaitz bortitzak, haizete gogorrak… jasan behar izan ditut. Batez beste, hamasei ordu mugimenduan egoten nintzen. Eta egunak hogeita lau ditu. 1.400 kilometro pedalei eragin ondoren, Kaliforniara heldu nintzen. Ingurumari horretan erabateko aldaketa bizi izan nuen: basamortua, ertz teknikoak, mendi batzuen bakardadea… Une batzuetan larri ibili nintzen. Elur berriak eta ekaitzek zalantzan jarri zuten proiektua. Sierra Nevadako Normanen bizipen berezia izan nuen. 23. eguna zen eta oso nekatuta nengoen; halere, FKT (Fastest Known Time) berria sinatu nuen».

Ozeano Bareko itsasertza zain zuen amaieran. Rainier falta zitzaion. Hain zuzen ere, helburu horretako ibilbide teknikoenetakoa. Bezperan botatako elurrak ez zuen kikildu, eta tontorra gorabeherarik gabe lortu zuen. Laumilako horretatik jaitsi, «helmuga» zeharkatu eta pizza bat jaten ari zen bitartean, honako hausnarketa egin zuen: «Erabat txundituta geratu naiz inguru basati horietako edertasunarekin, faunarekin eta paisaia aldakorrarekin. Nahiz eta bakarrik nengoenean asko gozatu dudan, ondoan izan ditudan kideen berotasuna asko eskertu behar dut. Haien mendiak erakutsi dizkidate, eta hori eskertzekoa da. Horregatik diot ‘States of Elevation’ ez dela lasterketa bat izan. Ez naiz errekor baten bila irten. Oroimena, esfortzua, emozioa… pilatu dira».