INFO

Jakak eta Ezkurdiak lortu dituzte kaiolako ligaxkako lehen puntuak, ondo borrokatuta

Erik Jaka eta Joseba Ezkurdia atera dira garaile ligaxkako lehenengo atakatik. Neke handiz, Peio Etxeberriak Atarrabian eta Iker Larrazabalek Azkoitian garaipena gertu izan dutelako.

Erik Jaka, pilota astintzeko prest atzean Peio Etxeberria duela. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Ostiral arratsalde honetan eman zaio hasiera Lau Eta Erdiko final-laurdenetako ligaxkari, Atarrabian jokatu den partidarekin. Bertan, Erik Jakak lehen puntua eskuratu du Peio Etxeberriari 22-18 irabazita. Gauean B taldekoak diren Ezkurdia eta Larrazabalen arteko lehia izango da Azkoitiko Gurea pilotalekuan.

Atarrabiako partidan, hasieratik ipini da aurretik Jaka kaiolan zerbait garrantzitsua egiteko faboritoa den Peio Etxeberria bezalako pilotari baten kontra. Iaz txapeldunorde izan zen Zenotzeko aurrelariak aldarrikatzeko arrazoi ugari ditu, baina gaurkoan ezin izan du garaipena eskuratu.

CaixaBank Masterseko txapelketa nagusitik kanpo utzi zuen Aspek Peio Etxeberria, eta honek joko ederrarekin erantzun zuen, finalean sartuz. Bertan ezin izan zuen txapela eskuratu, baina argi esan zuen berak onenekin egon nahi duela.

Atarrabiako gaurko lehian, ordea, aukera gutxi izan ditu ondo aritu den Jakaren aurka. Izan ere, lizartzarra 2-0 ipini da aurretik hasieratik eta, nahiz eta nafarrak 3-2 ipintzea lortu duen, gipuzkoarrak bost tanto egin ditu segidan 8-2koa egiteko.

11-4 ere joan da aurretik Baikoko pilotaria, baina hortxe iritsi da Peio Etxeberriaren suspertzea. 0-5ko partziala itzuli dio markagailuan 11-9koa egiteko. Momentu horretan tantoak alde batera eta bestera erori dira, Atarrabiako pilotazaleen mesederako, baina 5-1eko beste takada batekin hasi du Jakak partida erabakitzen (19-13).

21-14 ere ipini da lizartzarra eta, dena bere alde zuela zirudienean, Peio Etxeberriak ezer galtzeko ez zuela ikusita, ezustea emateko oso gertu izan da. Lau tanto egin ditu segidan 21-18ra arte, aurkariari beldurra sartzeko, baina hortxe amaitu dira esperantza guztiak, 22.a Jakaren alde erori baita.

Aurten berritasuna duen sakeak garrantzia izan du gaurkoan ere. Jakak lau tanto egin ditu lehen jokaldiarekin, baina baita hiru falta ere. Peio Etxeberriak, aldiz, bi tanto egin ditu sakez, baina jokoan 7 egin dituen bitartean, Jakak 13 lortu ditu.

PARTIDAKO FITXA:

Jaka: 22

Peio Etxeberria: 18

Pilotakadak: 252. Iraupena: 53 minutu. Markagailua: 2-0, 2-1, 3-1, 3-2, 8-2, 8-4, 11-4, 11-9, 12-9, 12-10, 14-10, 14-12, 16-12, 16-13, 19-13, 19-14, 21-14, 21-18 eta 22-18. Sakez egindako tantoak: 4 Jakak eta 3 falta eta 2 Peio Etxeberriak. Jokoan egindako tantoak: 13 Jakak eta 7 Peio Etxeberriak. Galdutakoak: 4 Jakak eta 5 Peio Etxeberriak.

 

Ezkurdia garaile Azkoitian

Gauean jokatu da ligaxka honetako bigarren partida, Azkoitian. Errebantxa kutsua zuen norgehiagokak, pilotaleku horretan bertan Iker Larrazabal Joseba Ezkurdiari nagusitu zitzaiolako Buruz Buruko txapelketa nagusian, udaberri aldera, 22-21eko emaitzaz.

Une hobeagoan da orain, ordea, arbizuarra. Eta duen eskarmentua baliatu du estu erabaki den norgehiagokoan. Ohi bezala, bizitasun handia eman dio lehiari amurrioarrak, baina Ezkurdia ere ez da makal ibili.

Gehienetan aurrean egon da markagailuan Ezkurdia, eta bukaera aldera bere arerioaren zenbait akatsi etekina aterata heldu da 22. tantura.

Edozein kasutan, bi emaitzok erakusten dute multzoan oso parekatuta izango dela bi finalerdieterako txartelak lortzeko borroka. Gaur gertatukoaren ostean, Peio Etxeberria eta Larrazabal izango dira aurrez aurre bigarren jardunaldian, eta bi irabazleok, Ezkurdiak eta Jakak, neurtuko dituzte indarrak.