INFO

[AURRERAPENA] ‘Josu Urrutikoetxea: belaunaldien arteko katebegia’

Liburuaren azala. (GARA)

(...) Erdietsi nahi dugun fase historiko berri horren mesedetan hartu dugu, beraz, azken erabakia. ETA herritik sortu zen eta orain herrian urtuko da. Gora Euskal Herria askatuta!


Bideo-grabaketa hau egin baino hilabete batzuk lehenago, 2017ko irailean, Josu Urrutikoetxeak Pirinioetako bere babeslekua utzi du, Ipar Euskal Herrian denboraldi bat pasatzeko. Azken urte hauetan, ez da hori egin duen lehenbiziko aldia. Errepresioaren mehatxuaren itzala gainean izaten jarraitzen duen arren, azken garaian, badirudi ez dagoela Espainiako eta Frantziako estatuen jazarpenaren fokuaren erdigunean. Eta horrek nolabaiteko lasaitasuna ematen dio pertsegituari. Hala ere, edozein ustekabek artegatzen du. Hala gertatu da ETA erakundearen oharra jaso duenean. Horrek, beste behin, bere bizitza astindu bailezake. Horregatik, hain zuzen ere, oharraren bukaera: «Ulertuko genuke ez egitea». Eta hauxe izan da Erakundeak Josuri egindako azken eskaera: desegitearen agiriari aurpegia eta ahotsa jartzea.

Aurreikuspena beste bat bazen ere, azken agiria irakurri ostean, Josuk ez du babesteko leku segururik izango, eta beste edozein irtenbide topatzeko denbora beharko litzateke. Egindako gestioek kale egin dute, edo ez dute behar beste berme eman: Ipar Irlanda, Latinoamerika, Hego Afrika... Arlo pertsonalean, oharrak ez du berri onik ekarri.
Egoera horretan, nahitaez, ETAren amaieraren agiria irakurtzeak arazoak ekarriko dizkio militante beteranoari, berriro ere garaikur bihurtuko delako Frantziako eta, bereziki, Espainiako gobernuentzat. Madrilen ez dute gogoko euskal prozesuak armagabetzearekin hartu duen norabidea, eta behin eta berriro saiatzen dira amaiera Poliziak eman diola irudikatzen. Ez da zalantzarik: Josu Ternera titular nagusietara eraman nahiko dute, klandestinitatean bizi den militante historikoaren atxiloketaren berri emateko.

Josu Urrutikoetxeak, ordea, erabakia hartua du, eta euskaraz, gazteleraz zein frantsesez grabazio bana egin du: «...ETA herritik sortu zen eta orain herrian urtuko da».

Grabaketa bukatuta, bideokameratik memoria-txartela hartu dute, eta egun gutxi barru egongo da ETAren amaiera kudeatu behar dutenen eskuetan.

«2013ko otsailean, Norvegiatik irten ginen, gobernu frantsesaren eta, batez ere, espainolaren itxikeriagatik hango elkarrizketarako aukera agortu ostean. Estatu frantsesera bueltatu nintzen, nekazari giroko zonalde batera, eta han, nire benetako identitatea ezkutatuz, bizitza ‘normala’ egiten hasi nintzen. Baina berriro Poliziarengandik ihes egin behar izan nuen, eta beste nonbaiten babestu nintzen, beste identitate batekin. Han noizean behin jasotzen nuen informazioa, eta 2017. urtean jakinaren gainean nengoen Erakundeak, armagabetzeari ekin ostean, bere amaierari buruzko eztabaida bideratu zuela. Ondoren jaso nuen azken agiria irakurtzeko proposamena, Erakundearen asanbladak desegitearen erabakia berretsiko zuela argi zegoenean. Proposamena onartuz gero, agiria irakurri ondoren, nahitaez, beste norabait joan beharko nuen. Banekien gestioak egin zirela nazioartean nahikoa berme izan zezakeen babesleku bat aurkitzeko, baina bermea ez zen garaiz iritsi, eta hori gabe irakurri behar izan nuen agiria. Nolanahi ere, erabakia proposamena egin zidaten unetik bertatik hartua nuen»

«Fase hori itxi egin behar zen, orrialde handi bat pasa behar genuen, askatasunaren aldeko borrokan hasitako fase berrian erabat murgiltzeko, eta hor nire alea jarri nuen. Azken urrats hori egiteko, jakina, ibilbide luzeko militanteak behar ziren. Beste batzuek ere egin zezaketen, baina aurreko urteetako gorabeherekin niri tokatu zitzaidan egitea, Marixolekin batera. Egia da, gainera, agiri hori irakur zezaketen asko bidean geratu zaizkigula. Haiek gogoan egin genuen egin beharrekoa».

ETAk 2018ko maiatzaren 3an jakinarazi zuen bere ibilbideari amaiera eman ziola. Bi bidetatik zabaldu zen berria: alde batetik, Elkarrizketa Humanitariorako Henry Dunant Zentroaren (izen ofiziala: Centre for Humanitarian Dialogue, HD) Genevako egoitzan egindako ekitaldian eta, beste alde batetik, zenbait hedabidetara bidalitako grabazioen bidez. Genevan, David Harland HD Zentroko zuzendariak eman zituen argibideak. Hedabideetan, agiria irakurtzen, bi ahots entzun ziren: orduan ezkutuan bizi zen Josu Urrutikoetxearena eta Frantzian kartzelan zen Marixol Iparragirrerena.

Maiatzaren 3ko adierazpenak eta Genevako ekitaldiak jarraipena izan zuten hurrengo egunean, Kanboko Arnaga jauregian. Bertan, nazioarteko izen handiko hainbat pertsonak adierazpen bat eman zuten ezagutzera, Euskal Herrian bakebidea indartzeko. Ia denak 2011ko Aieteko Konferentzian egondakoak ziren. Konferentzia hura gogoratu, ETAk bezperan egindako urratsari ongietorria eman eta Euskal Herriarentzat «konponbide osoa, justua eta iraunkorra» aldarrikatu zuten (...)