INFO

Donostiako metroaren Kontxako geltokia aurreratuta, 2026ko bigarren erdian martxan espero dute

Oraindik epe lausoa bada ere, Donostiako metroak badu martxan jartzeko epe bat, 2026ko bigarren seihilekoa. Astelehen honetan, arazo gehien eman dituen geltokiaren, Erdialdea-Kontxaren, eraikuntza lanetara bisita antolatu dute Lakuak eta Udalak; geltokiaren lan handienak amaituta daudela esan dute.

Erdialdea-Kontxa geltokiko eraikuntza lanak amaiera fasean sartu dira. (Andoni Canellada | FOKU)

Donostiako Erdialdea-Kontxa geltokiaren eraikuntza lanetan «aurrera urrats handiak» eman direla adierazi eta metroa 2026ko bigarren seihilekorako martxan egongo dela baieztatu dute astelehen goiz honetan azpiegitura horren eraikuntza lanetara hedabideekin egindako bisitan Lakuak eta Donostiako Udalak. Azken geltoki honetako lan astunenak bukatu dituztela adierazi dute, bentilazio egokia egiteko lanean ari direla eta aurki errailak jarriko dituztela. 

Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriaren Lakuako sailburua, Jon Insausti Donostiako alkatea, Miguel Angel Paez Azpiegitura eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordea eta Antonio Lopez ETSko zuzendari nagusia egon dira bertan. Haitzuloko hormigoizko obra estalduna egiteko lanak amaitu berri direla erakutsi dute, eta azpimarratu geltoki honen obrak Lakuak finantzatu dituela «oso-osorik». Izan ere, gorabeherak izan ziren aurrekontuarekin, %162ko gainkostua zuela argitaratu zen, eta Lakuak bere gain hartu behar izan zuen.

Arazo gehien eragin duen geltokia da Erdialdea-Kontxakoa, baina aurrerapena erakusten duen elementurik esanguratsuena behin betiko altzairu beiraztatuzko plaken estalduraren hasiera dela nabarmendu du Garciak: «Trenak bertara bidaiariekin iristen imajinatzea ahalbidetzen du aurrerapen honek». 
 
Xabier Zubiri eta Loiola kaleetako geltokien haitzuloak jada «oso aurreratuta» daudela adierazi du, urte berriarekin batera urrats handiak emango direla ziurtatuz: «Hurrengo urte hasieran atariak eraikiko ditugu geltokietan». Hirugarren kainoi bat ere aurreikusten dute geltoki honentzat, San Bartolomen kokatuko litzatekeena, baina Garciak aitortu du oraindik ez dakitela non egingo duten, Udalari baitagokio hori zehaztea. Hasiera batean merkatalgune bat aurreikusten zuen Udalak bertan, baina plana aldatu eta oraindik ez du zehaztu zer egingo duten. Bizilagunen plataformak proposamen bat luzatu du jada.

Bentaberriko eta Easoko geltokien obra zibilak jada bukatuta daudela esan dute; Easokoaren kasuan errailak jartzen ari dira, baina gainontzeko azpiegitura guztia prest dago. Topoak izango duen maiztasunari ere egin dio erreferentzia, zazpi minutuko maiztasuna izango baitu. 

«Mugikortasunean iraultza»

Gipuzkoako mugikortasunean «iraultza» izango dela Donostiako metroa adierazi du sailburuak, eta horri esker «kaleko eremuak berreskuratzen» ari direla, oinezkoentzako leku gehiago irabaztearekin eta etxebizitzari irtenbide bat emateko lanak pentsatzearekin bat: «Etxebizitzako arazoari erantzuteko ere balioko du, Amarako tren geltokia dagoen tokian, etxebizitzak eraikitzeko». 

Insausti alkateak hiru ideia nabarmendu nahi izan ditu. «Oso argi dugu 2026tik aurrera Donostiak izugarrizko eraldaketa biziko duela, mugitzeko dugun eretan sekulako aldaketa izango da», esan du lehen ideiari erreferentzia eginez. Bizi kalitatea hobetzea, hiri kohesioa indartzea eta gainontzeko udalerriekin hobeto konektatzea dira alkatearen hitzetan hobekuntza nagusiak. 

Bigarren ideiari lotuta ez dela mugikortasun afera bat bakarrik ohartarazi du: «Puzzle handiago baten pieza da, eta puzzle horren helburua bizi kalitatea hobetzea da». Horri loturik, zarata ezabatzea eta etxebizitzaren beharrari erantzutea izango direla bizi kalitatea hobetzeko prozesuan bi gako garrantzitsu aipatu du. Eta hirugarren ideia bizilagunei eskerrak emateko baliatu du, «pazientziagatik eta eskuzabaltasunagatik».

2026an martxan

Lurpean egiten ari diren hiru geltoki berriak 2026ko bigarren seihilekoan martxan egotea aurreikusten dute. 2026ko lehen seihilekoan obrak amaitzea espero dute. Ondoren, frogak egin beharko dituzte, gidariak trebatu eta ETSk guztia ondo doala baieztatu ostean, publikoarentzat erabilgarri jartzea izango da hurrengo urratsa.

Bestetik, Buen Pastor ingurua, San Martin kalea, oinezkoentzako prest uztea ere 2026aren barruan egitea aurreikusten duela onartu du Insausti alkateak, plaza berri hori «hiritarrentzako eskura jartzea» ere lehentasunetan kokatzen baitute.