Claudia Avalos, Developpe Dantza lehiaketaren irabazlea klasikoan
Claudia Avalosek, 16 urteko madrildarra, dantza klasikoko kategoria nagusiko lehen saria irabazi du igande honetan, Bilbon egin den Developpe Dantza nazioarteko lehiaketaren bigarren edizioan. Euskal dantza atalean, Urnietako Egape taldea suertatu da irabazle.
Goizean finalak burutu ondoren, Developpe Dantza nazioarteko lehiaketari bukaera eman zaio igande arratsaldean Bilboko BBK aretoan egin den sari banaketarekin. 10 eta 19 urte bitarteko 300 dantzari aurkeztu dira aurten lehiaketa honen bigarren ediziora; antolatzaileek, pozarren, larunbatean bertan aipatu ziguten legez, helburua lortu delako: talentu gazteak aurkitu eta haien ibilbidea sustatu.
San Sebastian de los Reyes-eko Claudia Avalos 16 urteko dantzariak klasikoko kategoria nagusiko lehen saria irabazi du. Udako kanpamentu batean ezagutu zuen balleta, eta bertan ohartu zen dantza zela bere pasioa. Urte gutxi daramatza trebatzen, baina dagoeneko adituen interesa piztu du.
Adibidez, Londresko Royal Ballet Schoolen prestakuntzako egonaldi bat egiteko hautatu izan dute, eta iaz Castellon Hiriko nazioarteko dantza klasikoko sariaren irabazlea suertatu zen.
Orain, Bilbon lortutako saria gehitu ahal izango dio bere curriculum-ari. Agian dantzaren izar baten hastapenak ezagutu ahal izan dugu lehiaketa honi ezker.
Haurretan, Lujan San Esteban izan da irabazlea eta, Juniorretan, Sara Saint Sauveur, 15 urteko dantzaria. Cornellakoa (Bartzelona) da azken hau.
Euskal dantzen atalean –lehiaketa honek badu berezitasun bat: klasikoa eta euskal dantza tradizionalak batzen dituelako–, lehen saria Urnietako Egape Dantza Taldeko ordezkariek jaso dute, eta, Libre atalean Studio 84 taldeak irabazi du.
Eta Lifar saria hutsik gelditu da. Aurten sortutako sari honekin Serge Lifar dantzari eta koreografo mitikoa omendu nahi zen, bere heriotzaren 40. urteurrenean.