Lapurdin sartu-irtenaldia egin ostean, Gipuzkoako kostaldean da Euskarabentura

Asteburua Donibane Lohitzune eta Baiona artean eman ondoren,  Gipuzkoara bueltatuko da gaur Euskarabentura bidea euskal kostaldetik jarraitzeko. 

NAIZ+|23/07/2018 09:08
Loading player...

Gipuzkoa bi egunez agurtu, eta Lapurdiko kostaldean barrean igaro du asteburua Euskarabentura espedizioak. Pasaia, Donostia, Zarautz, Zumaia, Itziar… izango dira ondoren orduetan bisitatuko dituzten herrietako batzuk. Ia 280 km eginda, beste 150 km dituzte aurretik uztailaren 31n Getxora heldu arte.

Pasa den astelehenean, uztailak 16an, sartu zen EuskarAbentura Gipuzkoara lehen aldiz, Zerainera zehazki. Herriak, bisitarekin eskertuta, afari ederra prestatu zion taldeari, auzolanean, partaide askok onartu bezala orain arteko bereziena; «ez bakarrik janari goxoagatik, baizik eta partekatzeko aukeragatik eta sortutako giro ederragatik». Kantuan elkarri besarkatuta eman zitzaion amaiera iluntze borobilari.



Hurrengo egunean Aizpeako meategiak bisitatu zituzten gazteek. Herritar askoren harridurarako Unai Ahedo jzioquitarrak Zumalakarregiz jantzita egin zuen etapa «gure taldeko – Tximist – jolas batean galdu nuen eta horrela jantzita joateko prenda jarri zidaten. Niri historia asko gustatzen zait eta gustura egin dut. Gurasoek arropa ekarri eta hemen nago». Goierritik barna Ormaiztegira bazkaltzera heldu zen taldea, bertako Zumalakarregiren Museoan sartu-irtena egiteko. Tolosara trenez sartu zen espedizioa. Bertan programa interesgarria zuen zain. Heldu bezain pronto herriko alkateak, Olatz Peonek, harrera egin zien udaletxean; jarraian erdigunetik bisita gidatua egin zen.

Hurrengo egunean Mattin Zeberio gazte tolosarrak zuzendutako ‘Zortzi Yucon’dokumentala ikusi eta Zeberiorekin solasaldia egiteko aukera izan zuten espedizioko kideek. Jakin-min handia piztu zitzaien galdera andana egin baitzizkioten Mattini.

Arratsaldean sormen lanean laguntza ematen ari diren sortzaileak hurbildu ziren Tolosara. “Hitza” lantzeko Miren Amuriza, Odei Barrosori lekukoa hartuta, “gorputz adierazpena” lantzeko Myriam Perez, “ahots adierazpenean” bidaide Ander Lipus, “eszenografian” Ximun Fusch eta “inprobisazioan” Kattalin eta Peter Ansorena. Azken hauek txistua txertatu zuten tailerran, gazteen gozamenerako. Zerkausi plazako afarira Kike Amonarriz batu zen, ostean hitzaldi borobila eskaintzeko. «EuskarAbenturak gogora ekartzen dizkit nik gaztetan Abaigarren bizitako euskal udalekuak. Erabat gazteleraz bizi nintzen garai hartan eta han aurkitu nintzen, bat batean, euskaraz egiten. Esperientzia hark aldatu ninduen. Orduan konturatu nintzen hori zela niretzako nahi nuen etorkizuna. EuskarAbentura azken urteotan euskalgintzatik sorturiko ekimenik ederretako bat dela iruditzen zait», adierazi zuen Amonarrizek.

Ostegunean Tolosaldea atzean utzi eta Buruntzaldean murgildu zen espedizioa, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean Berria ezagutzeko, Martxelo Otamendiren eskutik. Martxa berriz hartuta, Hernaniraino heldu zen, bertan Broken Brothers Brass Band-en erritmopean dantzan aritzeko.

Ostiralean Astigarragatik igarota Santiagomendiko Sagardo Bidea hartu zuten gazteek, Oiartzundik igarota Irunen bukatzeko etapa. “Handia” filma eta bere zuzendaria, Aitor Arregi, zain zituzten bertan. «Oraindik ere ez dakit nora noan bizitzan; bien bitartean bidea egiten noa, zuek bezala», adierazi zien Arregik gazteei.

Larunbatean EuskarAbentura Lapurdira sartu zen, Donibane Lohitzuneraino zehazki, bidean Abadiako jauregia bisitatuz. Bertan Eneko Gorri Miarritzeko euskara teknikariak Lapurdiko errealitate soziolinguistikoa hurbildu zuen iluntzean. Igandean Baiona izan zuten jomuga. Oinez Miarritzeraino joango ziren gazteak, bertan Baionara eramango zituen garraio publikoa hartzeko. Hiriburu lapurtarrean Euskoaren berri jaso zuten, besteak beste.

 

Albistean ikusi daitekeen bideoa Zerain eta Tolosa arteko espedizioko irudiak jasotzen ditu. Bideoa gehiago ikusteko ez galdu gure JARRAIPEN BEREZIA, ezta okasiorako osatuko dugun ARGAZKI GALERIA.