Huerta de Peralta, baratzetik sarera salto egin duen langile borroka

Greba mugagabea abiatu zutenetik arretaz begiratu diote sare sozialek Azkoiengo borrokari. Akordioa erdietsita poza eta zorion mezuak biderkatu dira.

NAIZ+|22/01/2019 13:05
Huerta-peralta
Huerta de Peraltako grebalariak, errepidea mozten. (LAB)

Akordioa erdietsita grebari amaiera eman diote Huerta de Peraltan. LABek Azkoiengo enpresako zuzendaritzarekin lortutako akordioa onartu du langile batzarrak, akordioak langileen «aldarrikapen nagusiak betetzen dituela» iritzita.

Abenduaren 26an hasi zuten mugagabeko greba Huerta de Peraltako langileek, kaleratutako lau lankide berriro hartzeko eskatzeko. Akordioaren ostean, bi langile berriro hasiko dira lanean, beste batek enpresak eskainitako kalte-ordaina onartuko du eta laugarrenaren kasua auzitegietara iritsita, epaileak erabakiko du zer egin.

Enpresak, lan hitzarmena ez betetzeagatik, langileekin zuten zorraren %70 ordaintzea onartu du ere zuzendaritzak.

Huerta de Peraltako langileen greba eta mobilizazioek sare sozial eta komunikabideetan oihartzun zabala izan dute. Akordioa erdiestea ere txalotua izaten ari da sareetan.

LAB sindikatuak eman du aditzera akordioaren albistea sare sozialetan.LABek bultzatu zuen greba, sindikatu horrek gehiengo zabala du-eta Azkoiengo enpresako langile batzordean —sei ordezkari ditu, bi CCOOk eta UGTk 1—.

Herritar askok txalotu dute Huerta de Peraltako langileen borroka.

Bien bitartean, larunbatean Iruñean aurreikusia zegoen manifestaldiarekin jarraitzea ebatzi du LABek. «Greba egin duten langileei babesa eman eta jasotako elkartasuna eskertzearekin batera, antolakuntza eta borroka sindikalaren balioa aldarrikatuko dugu», diote oharrean.

NOTICIAS RELACIONADAS