Norbaitek oroituko ditu etorkizunean Kobetamendiko kontzertuan gertatuak

Asko izan ziren Berri Txarrak taldeak Kobetamendin eskaini zuen kontzertua memorian iltzatzeko ariketan mugikorra hartu eta unea betikotu nahi izan zutenak. Oroigarri izan nahi duten bideo eta irudi horietako asko sare sozialetara heldu dira. Honakoa bildumatxo bat besterik ez da.

NAIZ+|15/07/2019 10:28
Berri1
Milaka lagun bildu dira Kobetan kontzertua ikusteko. (Aritz LOIOLA/FOKU)

20.000 lagun baino gehiagoren aitzinean eta lagunartean egin zuen atzo Berri Txarrak taldeak Ikusi Arte Tour 2019 biraren kontzertu bereziena.Taldearen ibilbidean garrantzitsuak izan diren musikariekin partekatu zuen oholtza hirukoteak, jendearen gozamenerako ia hiru orduko kontzertuan.

Publikoaren antzera, agertoki gainean aritutakoak izan ziren gehien disfrutatu zutenak eta sare sozialen bidez esker oneko hitzak izan dituzte gonbidatutako lagunek. Broken Brothers Brass Band-eko kideak izan ziren lehen akordeak jotzeko ohorea izan zutenak.

Entzuleek ere eskertu zituzten gonbidatuek eskainitako une bereziak eta sarean partekatu dituzte haiek sortutako kolaborazioak.

Ederra izan zen Urbizu anai arrebek eskainitako emanaldia. Gorka gitarrarekin eta Nerea pianoan, ‘Berriz min hau’ abestia eraman zuten oholtzara, Altsasuko auzian espetxeratuak gogoan izan zituztela.

Berezia izan zen ere Su Ta Gar taldeko Aitor Gorosabelekin partekatutako unea.

Asko izan ziren kontzertua memorian iltzatzeko ariketan mugikorra hartu eta unea betikotu nahi izan zutenak. Oroigarri horietako asko sareetara ere iritsi dira.

Euskal Herriko zazpi herrialdeetatik etorritakoak zeuden entzuleen artean, baziren baina urrutiagotik heldutakoak ere. Galizatik, Kataluniatik edo Madriletik hurbildutakoak bazeuden.

Bidaia luzea egin zuten aurrekoek, baina gertu bizi zirenek ere kalbario ederra igaro zuten oherako bidean. Bilboko metroak zerbitzu berezia hitza eman bazuen ere, eskainitakoak gutxi zuen zerbitzutik. Kontzertua 0.25etan amaitua bazen ere, Plentziako norabidea zuen metroa hartzeko 2.20 arte itxaron behar izan zuten askok. San Mameseko metro geltokia gainezka eta bertara sartu ezinik, ehunka lagun aritu ziren Bilboko kaleetan zehar taxi bila.

NOTICIAS RELACIONADAS