Xare, kultura digitalean euskararen erabilera sustatzeko lehen azoka egingo da Donostian

Azaroaren 23 eta 24an Kursaaleko lur azpiko solairua euskara eta kultura digitala ardatz dituen egitarau oparo batekin beteko da. Xare izeneko azokaren lehen edizioak berritasun ugari dakar.

Amaia EREÑAGA|DONOSTIA|2012/10/31|0 iruzkin
20121031_xare
Antolakuntzako arduradunak eta Donostiako Udaleko ordezkariak, Xare azokaren aurkezpenean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

«Xare azokan zubi lana egin nahi dugu teknologia berrien sektoreko enpresa eta herritarren artean. Euskaraz lanabesak badaude, baina dispertsatuak daude, ez dago erreferentzia argirik», adierazi du Iñigo Martinezek, Eragin enpresako ordezkariak. Iruñearen eta Astigarragaren artean banatzen da kulturan eta komunikazio munduan lanean diharduen Eragin enpresa eragilea (“The Balde” eta “Entzun!” bezalako aldizkariak bultzatu ditu, adibidez).

Gipuzkoako Diputazioaren eta Donostiako Udalaren babesa lortu du oraingoan Xare izeneko «egitasmo zoro» honi ekiteko, Martinezen hitzetan. Helburua: «Informazioaren teknologia berrien alorrean eta orokorrean kultura digitalean, euskararen erabilera sustatu ahal izatea».

Xare, egia esan, berritzailea da oso Estatu mailan halako azokarik ikustea ez baita ohikoa.

Sektoreari zuzenduriko azoka izango da –oraingoz euskara erabiltzen duten enpresen 10-15 bat stand izango dituzte, baina hurrengo edizioetan gehiago izango direlakoan daude–, baina erabiltzaileei ere harrera berezia egingo diete.

Publiko gaztea xede

Zer-nolako publikoa espero dute? Gaztea, noski. Donostia aukeratu izanak badu bere arrazoia, hiribururik euskaldunena baita: 10-14 urte bitarte dituztenen artean %80k euskaraz ongi dakite, eta 15-19 urtekoen artean, %70ek, Nerea Txapartegik, Euskara eta Kultura zinegotziak emandako datuen arabera.

Mahai-inguruak antolatu dituzte –Britainia Hnadiko Pias musika banaketa enpresako Peter Thompson gurera etorriko da–, baita mota ugaritako erakustaldiak ere. Egitarauari azken ukituak eman behar dizkiote oraindik, baina Iñigo Martinezek zenbait ekimen iragarri ditu.

Hala nola, EHko Robotika eta Sistema Autonomoen taldearen robot bertsolariaren erakustaldia izango da, softwarea euskaratzen eskarmentua duten hainbat lagunen gidaritzapean taldekako itzulpen tailerra egingo da, Makalak soinu-edizio digital ikastaroa emango du, Brett Gaylorren ‘RIP Remix Manifesto’ filmaren emanaldia egingo dute (copyrigth sistema zalantzan jartzen du)... zerrenda luzea da.

Bitxikeria bat, dena den: azokak gune berezia edukiko du hainbat multimedia instalazioekin bisitariek esperientzia interaktiboa eduki dezaten. Nabarmenena, agian, Björk musikariak ezagutzera eman zuen Reactable izeneko instrumentu elektronikoa da. Hamar laguneko taldeetan, ordu erdi inguruko saioetan probatzeko aukera izango da.

LOTURAK