Naiz.info
Paris

Hiru urtera zigortu du Parisek Beñat Atorrasagasti, baina ez da espetxera joango

Auziaren arrazoiak «zaharrak direla» iritzi dio Parisko Auzitegiko presidente Laurent Raviotek eta «bere garapena kontutan hartuta», ez du espetxera bidaliko.

Beñat Atorrasagasti 2012ko uztailaren 13an atxilotu zuten Edinburgon eta 2013ko urtarrilaren 30ean estradiatu zuten Estatu frantsesera.

Era berean, aske utzi zuten otsailaren 25ean, hilabete beranduago Parisen bere aurkako epaiketa hasi zen arte.

Fiskalak haren aurkako lau urteko kartzela zigorra eskatu zuen ETArekin izan lezakeen harremana tarteko.

2001ean polizia operazio batetik ihes egin zuen Atorrasagastik. Orduan esan zen ETAko «mugalarien» taldea desegin zela.

Gaur eman du ezagutzera epaia Parisko Auzitegiak, eta hiru urtetako zigorra ezarri dio. Tribunaleko presidente Laurent Raviotek, ordea, kontutan izan du bere aurkako auziaren arrazoiak «zaharral direla». «Bere egoeraren garapena» ere aintzat hartu du epaileak eta, hartara, zigorra ezarri bai baina espetxea ekiditeko aukera eman dio Atorrasagastiri.

Aldiz bost urtez beste arau-urratzerik egiten badu, hiru urteak eta zigor berria bete beharko ditu, epaileak hala aginduta.