Goizean goiz esnatu dira Ondarroan. 150 bat lagunek Zumardian lo egin dute Urtza Alkortaren atxiloketa ekiditeko osatutako herri harresian.
ETAri laguntza ematearen akusaziopean, bost urteko espetxe zigorra ezarri zioten otsailean eta, iragan apirilean, bere burua espetxean aurkezteko agindua eman zuten. Agindu horri uko egin dionez, bi aldiz saiatu da Ertzaintza Alkorta atxilotzen, baina ez dute etxean aurkitu.
Ostiral eguerdian Aske Gunean agertu zen Alkorta eta konponbide garaian kartzelak hustu behar direla aldarrikatu zuen. Atzo arratsaldean manifestazioa egin zuten Ondarroan eta gaurko ere ekimen ezberdinak antolatu dituzte Aske Gunean.
Goizean hitzaldia eskiani du EH Bilduko parlamentari den Julen Arzuagak eta 13.00etan Gernikako akordioak deitutako mobilizazioekin bat egin dute. Ehunka lagunek parte hartu dute mobilizazioan eta Alkortari beren elkartasuna adierazi diote.
Ertzaintzaren helikopteroa bueltaka dabil eta komisaldegian ohikoan baino polizia gehiago daudela zabaldu dute sare sozialetan. Lakuako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak Alkorta «une egokian» atxilotuko dutela esan du.
Arratsalderako dantzak eta ekimen gehiago iragarri dituzte Aske Gunean. Gaur Antxoa eguna ospatzen ari dira Ondarroan.