NAIZ
DONOSTIA

Bob Geldof, Nick Lowe, Gose eta Anari, Stop War jaialdian

Bob Geldof, Nick Lowe, Gose eta Anari izango dira Donostia 2016ren baitan ospatuko den Stop War Festibalean, martxoaren 25etik 27ra, Maria Kristina zubiko agertoki handian.

Stop War jaialdiaren aurkezpena. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Stop War jaialdiaren aurkezpena. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Arrate Velasco Donostia 2016ko Bakearen Itsasargiko arduradunak, Imanol Zubia Demaguneko koordinatzaileak eta Jokin Tellleria Kultura Alternatiboko koordinatzaileak jakinarazi dituzte Stop War jaialdian izango diren nazioarteko hiru artisten lehen bi izenak: Bob Geldof eta Nick Lowe.

«Zubiek, inondik inora ere, gerretan balio sinboliko handia dute: lehenbizi eraisten diren azpiegiturak dira, baina baita topaleku eta elkargune ere. Ideia hori oinarri hartuta, Stop War Festibalak musikaren bidez batu nahi ditu Urumearen bi bazterrak, elkartasunerako eta bizikidetzarako zubi bat eraikiz», azaldu dute.

Musika jaialdiko hainbat jardueraren parte izango da, eta, gaua heldu bezain laster, «protagonista bakar bihurtuko da». Maria Kristina zubia agertoki dutela, tokiko hiru artistak eta nazioarteko beste horrenbestek kontzertua emango dute.

Bob Geldofek jo aurretik, Gose taldeak berotuko du giroa, eta Nick Loweren aurretik, Anari abeslari eta konpositore azkoitiarra arituko da oholtza gainean. Kontzertuak doan izango dira, 21.00etan.

Gainera, jaialdiaren harira bi eguneko topaketa bat antolatuko da, gaur egun mundua astintzen duten gatazken inguruan hausnartzeko eta herri mailan gerraren aurka zer egin daitekeen aztertzeko.