Udalerririk euskaldunenetan, lau mediku eta pediatratik bat ez da euskaraz aritzeko gai

Uemak Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako osasun etxeetako profesionalei egindako hizkuntza-gaitasunaren azterketaren ondorio nagusia da: euskararen arnasgune diren herrietan, 289 mediku eta pediatra daude, eta horietatik 73 ez dira gai euskaraz aritzeko. Lautik bat, alegia. Herritarrek medikuarekin euskaraz egiteko dituzten zailtasunek, aldaketak aldaketa eta ahaleginak ahalegin, bere horretan segitzen dute urtez urte. Eta Josu Labaka Uemako lehendakariak zera azpimarratu du: «Ez da borondate kontua; betebeharra baizik. Administrazio publikoak legez dauka zerbitzuak euskaraz eskaintzeko betebeharra». Bilera eskatu diete Osakidetzari eta Osasunbideari.

@gara_miantzi|Donostia|2016/10/14|2 iruzkin
Uema
Uemako hainbat herritako alkate eta zinegotziak, zuzendaritza batzordeko kideekin batera, Donostian.

Osakidetzako eta Osasunbideko plantillak begiratu, eta udalerriz udalerri mintzatu da Uema euskara teknikari, politikari, anbulatorioetako langile eta herritarrekin, osasun etxeetako profesionalen hizkuntza-gaitasunaren azterketa egiteko. Eta ondorioa garbia da: euskararen arnasgune diren Uemako herrietan (Gipuzkoako 40 udalerri, Bizkaiko 22, Arabako bat eta Nafarroako 13) ez da inondik inora bermatzen euskarazko zerbitzua osasungintzan. 289 pediatra eta familia eta larrialdi mediku daude, eta horietatik 73k ez dakite euskaraz. Lautik batek.

Ikerketaren ondorioak plazaratzeko prentsaurrekoan bildu dira Donostian, Uemako zuzendaritza batzordeko zenbait lagunekin batera, hainbat herritako alkate eta zinegotziak: Usurbil, Baztan, Leitza, Dima, Aramaio, Berastegi, Oñati, Oiartzun, Azpeitia eta Etxarri Aranatzekoak.

Eskaera zehatz bat

Eneka Maiz azken herri honetako alkate eta Uemako zuzendaritza batzordeko kideak agertu du halako azken azterketa 2013an egin zutela eta zentro batzuetan egoera hobetu arren, besteetan okertu egin dela edo bere horretan irauten duela. «Joera orokorra onerakoa bada ere, oraindik lan asko dago egiteko».

Zehaztu duenez, azken urteetan zerbitzua euskaraz eskaintzeko pausoak eman dituzte Ajangiz, Bermeo, Oiartzun, Otxandio, Zarautz eta Zumaian. Gibelera egin dute, ordea, Tolosa, Ondarroa eta Oñatin. Udalerri batzuetan egoera bereziki larria dela erran du, sendagile edo pediatra batek ere ez baitu euskaraz egiten. Mallabiako familia medikuarekin, Markina-Xemeingo pediatrarekin eta Goizueta, Leitza eta Aresoko umeek partekatzen duten pediatrarekin gertatzen da hori, bertzeak bertze.

Ordezkapen eta joan-etorriak ere aipatu ditu Maizek: «Udaran euskaraz ez dakiten medikuak jarri dituzte zentro askotan, mediku euskaldunen ordez. Azpeitia, Aulesti eta Segurako udalek salatu zuten egoera, baina dozenaka udalerritan gertatu da».

Erretiratzear dauden hainbat profesionalek eta herri horretako bizilagunek ez dakite haien ordez mediku euskaldunak izanen dituzte. Basaburuako sendagilea jubilatzear da eta kezka hori dute herrian. Horregatik, eskaera zehatza egin du Uemak: «Udalerri euskaldunetan egingo diren kontratazio berri guztietan, behintzat, profesional euskaldunak hartzea».

Lankidetza proposatu diete Osakidetzari eta Osasunbideari, egoera hobetzeko urratsak egiteko. Bilera eskatu diete biei.

Labakak osasun zentroak ere euskara erabiltzeko gune bilakatu nahi dituztela azaldu du. Haurrengan jarri du arreta bereziki, erranez berez ez zaiela erraza egiten pediatrarenera joatea eta, gainera, beren hizkuntzan aritzeko eskubidea ukatzen zaiela. Osasungintzakoa egunero erabiltzen dugun zerbitzu bat dela eta herritarrengandik euskaraz aritzeko zailtasunak dituztela erranez hainbat eta hainbat kexa jasotzen dituztela erran du Uemako lehendakariak.