NAIZ
DONOSTIA

‘Hemen’ lanarekin irabazi du Juanjo Olasagarrek Xabier Lete Poesia Sariaren laugarren edizioa

Xabier Lete Poesia Sariaren laugarren ediziora aurkeztu diren 31 lanen artean, Juanjo Olasagarraren ‘Hemen’ liburua saritu du epaimahaiak. «Poemen egikera aberatsa eta hats luze zein sakonera handiko hausnarketa izatea» goraipatu dute.

Juanjo Olasagarre idazlea. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Juanjo Olasagarre idazlea. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Juanjo Olasagarrek (Arbizu, 1963) irabazi du Xabier Lete euskarazko Poesia Sariaren laugarren edizioa.

Sariketaren edizio honetara 31 lan aurkeztu dira, orain arteko kopururik handiena –iazkoan 19 izan ziren–, eta horien atean hiru nabarmendu nahi izan ditu epaimahiak. Zehazki, saritu duten ‘Hemen’ bildumarekin batera lehian aritu diren beste bi poema liburu interesgarri ere azpimarratu dituzte: ‘Hegodun poemak’ eta ‘Urtaroak eta zeinuak’.

Juanjo Olasagarreren lanaz, «poemen egikera aberatsa eta hats luze zein sakonera handiko hausnarketa izatea» goraipatu du epaimahaiak. Gaineratu dutenez, poemetan «ironia baliatzen du egileak, ausart eta anker».

«Formen, irudien eta gaien ikuspegitik» idazle arbizuarrak poema bilduma «anitza» osatu duela adierazi dute: «Gizon egin baten bizitzaren pusketatik sortzen den hausnarketa aldi liriko eta aldi berean petrala eskaintzen du obra honek».

Olasagarrek Jose Ramon Andaren eskultura bat eta 12.000 euro jasoko ditu. Poesian espezializatutako argitaletxe batean argitaratuko dute bere lana.

Idazle izateaz gain, bigarren hezkuntzan literatura irakaslea da Olasagarre eta hainbat komunikabideetan kolaboratu izan du. Nobela, poesia eta antzerkia idatzi ditu eta itzulpenak eta bidaia kronikak ere egin ditu.

Aurreko urteetan Karlos Linazasorok, Luis Gardek eta Asier Serranok jaso zuten saria.