Ariane KAMIO
DONOSTIA

Lurtarren linboak eraman du Asier Serrano Xabier Lete sarira

«Linbotarrak» izan da Xabier Lete Poesia Sariko epaimahaiak aurtengoan hautatu duen lan irabazlea. Asier Serrano idazle eta musikariak jarri dio sinadura obra berriari, Irun Hiria Sarian irabazitako «Ate osteko itzalak» lanari jarraitzen dion sorkuntza.

Bataiatu gabeko haur bekatu gabeak bidali izan ditu linbora erlijio kristauak. Zerutasunaren bueltan sortutako ezleku bat, ez atzera ez aurrera, Babian egotea bezala, Joserra Gartzia epaimahaikidearen aburuz. Asier Serrano (Eibar, 1975) eremu horretan mugitu da “Linbotarrak” lanarekin, baina maila askoz lurtarragoan. Unibertso surrealista eta ironiko baten barruan kokatu ditu bere poemak, indibidualki hartu beharrekoak, kolektibotasun bat eman ahal izateko. Pertsonarengan, banakoarengan sinesten baitu gero eta gehiago Serranok, eta gutxiago gizarte ordenatuetan. «Badaude adarrak dituzten aingeruak, isatsa dutenak, aurrekoa eta atzekoa, sexudunak. Baita beste deabru batzuk ere surrealismo horren barruan», agertu zuen atzo komunikabideen aurrean. Izan ere, atzo jakinarazi zen Xabier Lete Poesia Sariaren obra irabazlea zein den Donostiako Koldo Mitxelenan.

Hemeretzi izan dira aurten orotara sariketara aurkeztutako lanak, gai, neurri eta errima librekoak. Batez besteko maila ohikoa baino baxuagoa izan dela ohartarazi zuen Gartziak, nahiz eta galbahe guztiak pasatu ondoren azken fasean geratu ziren hiru lanek kalitateari eutsi dioten. “Koma komunak”, “Linbotarrak” eta “Talaiatik begira” lanen artean hautatu behar izan zuen Gartziak berak, Igor Estankonak, Tere Irastortzak eta Lourdes Otaegik osatutako epaimahaiak.

«Askotarikoak dira irudi poetikoak, erreferentzia eta estilo desberdinetakoak, eta gehienetan ageriko loturarik gabe, collage moduan uztartuak», argudiatu zuen Gartziak.

Serranok Irun Hiria Saria irabazi du berriki poesia alorrean “Ate osteko itzalak” lanarekin, eta “Linbotarrak” da obra horren jarraipena.

Sari gisa, 12.000 euro eta Jose Ramon Andaren eskultura bat jasoko ditu. Diru hori eta Irunen irabazitakoa bi lanak agertokira eramango dituen ikuskizun batean erabiliko duela iragarri zuen sortzaile eibartarrak. Beti maitale izan dituen literatura eta musika elkarbidean jarriko ditu era horretan.