@MartxeloDiaz
IRUÑEA

Sakabanaketak hil zuela 15 urtera Sara Fernandez gogoratu dute Iruñeko Alde Zaharrean

Valdemoroko espetxera lagun bat bisitatzera bidaian zihoala duela 15 urte pasa direnean Sara Fernandez gogoratu dute gaur Iruñean, bide batez sakabanakaterekin amaitzea aldarrikatu dutelarik.

Sara Fernandez gogoratzeko paratu duten plaka berriaren azpian egindako lore eskaintza. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Sara Fernandez gogoratzeko paratu duten plaka berriaren azpian egindako lore eskaintza. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Baratxurien plazatik abiatu den manifestazio batekin hasi dira Sara Fernandez gogoratzeko ekitaldiak. Alde Zaharreko karrikak zeharkatu dituzte «Sara gogoan zaitugu», «Dispertsiorik ez» edo «Euskal presoak etxera» gisako oihuak botaz.

San Saturnino eguna ospatzen da gaur Iruñean eta manifestazioak erraldoi, kiliki eta buruhaundien konpartsarekin egin du topo Gaztelu plazan.

Hortik, Aldapa kalean Sara Fernandez gogoratzeko paratu duten plaka (aurten berritu dutena) dagoen tokira joan dira. Manifestazioan parte harte duten ehunka lagunen artean EH Bilduko Bakartxo Ruiz parlamentaria eta Patricia Perales zinegotzia izan dira.

Fernandezen heriotza ez zela zorigaiztoak eraginda salatu dute, «politika krudel baten ondorioa baizik». Fernandezena bezala Euskal Herrian sakabanaketak eragindako beste 15 heriotza izan direla gogoratu dute, horien artean Barañaingo Karmele Solagurenena. Balantzeari hamaika istripu eta galdutako milaka ordu erantsi behar zaizkio.

Antzeko mezua nabarmendu dute Etxerateko bi kidek, euren senideei elkartasuna eta afektibitatea eskeintzeko oztopoak jartzen dituen politika bateko biktimak direla azpimarratuz.

Ana Fernandezek, Sararen ahizpak, «sakabanaketaren mamuari hiru hamarkadetan aurre egin dion familia» ikusten duela Iruñean adierazi du.

Ekitaldian Iruñeko Udalak astelehenean Sara Fernandez sakabanaketaren biktima ofizialki izendatu izana txalotu dute, baina presoen etxeratzea lortzeko mobilizazioan jarraitzeko deia egin dute. Celes Alvarez, ‘Naparra’ren ama, Justizia ezagutu gabe hil dela ere gogoratu dute.

Alde Zaharreko hainbat taldetako ordezkariek lore eskaintza egin dute Sara Fernandez gogoratzeko paratu duten plaka berriaren azpian.